Larunbatean izan zen Limburgen Munduko Ziklokros Txapelketa. Luisa Ibarrolarentzat denboraldi osoan egindako lanaren uzta izan da mundu mailan indarrak neurtzeko aukera izatea, hala Euskadiko nola Espainiako zirkuituak irabazi baititu.
Norgehiagokari dagokionez, lasterketak aurrera egin ahala indartsuago sentitu zela adierazi du Ibarrolak. Azken itzulian, baina, matxura izan zuen: "Bizikletak zuen apurrarekin eman dut azken itzuli erdia, aldatzeko aukera izan dudan arte".
Balorazio gazi-gozoa
Aurreneko aldia izan du saratxoarrak munduko lasterketan. Egindakoarekin gazi-gozo itzuli da, probaren osteko adierazpenetan aipatu duenez: "Batetik pozik nago, bestetik ez. Gutxitik gehiagora jo izanarekin geratzen naiz. Lasterketa honetan hutsuneak akats bihurtzen dira, eta karrera osoan nabaritzen da hori".