Arabako Fiskaltzak urtebeteko kartzela zigorra eskatu du 86 urteko gizon batentzat, zaborrontzi batera sei txakurkume jaioberri bota zituelakoan. 2017ko martxoaren 7an jazo zen gertaera eta sei txakurkumeetatik lau hil egin ziren. Fiskaltzak argudiatu du gizonezkoaren xedea animalien heriotza eragitea zela, “horrek eragingo zien sufrimendu fisikoaz jakitun”.
Beste bi gauza eskatu ditu baita fiskaltzak: akusatuari animaliak izateko eskubidea kentzea hiru urtez eta 989 euroko isuna ezartzea. Amurrioko Udalari eman beharko lioke akusatuak diru hori, txakurkumeak jaso eta Gasteizko animalien babeserako zentro batera eramateagatik. Epaiketa aste honetan egingo da Gasteizen.
Kasu gehiago eskualdean
Lekamañakoa ez da eskualdean gertatu den animalien abandonu kasu bakarra. Iragan abenduan zortzi txakurkume aurkitu zituzten Urduñan, antzeko egoeran utzita. Baina kasu horretan ez dute abandonuaren erantzulea nor izan den jakiterik izan.