Amurrioko Tubos Reunidos enpresako ekoizpena gelditzeko deia egin dute biharko, Trapagako kideen ekimenari jarraiki. Sindikatu gehienek -ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk- babestu dute lanuztea eta soilik VTR agertu da aurka.
Langile batzordeak eskatuko die beharginei 11:30etatik 13:00ak arte lantegiko zubian bat egitea Trapagako Productos Tubulares faktoriako langileekin; eurak 11:00etatik 14:00ak arte egongo dira han.
Trapagan greban
Berez, martxoaren 8an greba mugagabea abiatu zuten Bizkaian enpresa talde bereko beharginek, zuzendaritzak iragarri baitie hainbat pertsona kaleratuko dituela eta lan baldintzek okerrera joko dutela.
Pasa den astean enpresako ordezkariek eman behar zioten plan osoa sindikatuei, baina atzeratu egin dute. Horretarako aitzakia izan da Donald Trump Estatu Batuetako presidentearen asmoa zergak ezartzeko altzairuari dagokionez.