Musika taldeen "Amurriock" lehiaketa antolatu du Burubio kultur elkarteak, Amurrioko Udalarekin, Musika Eskolarekin eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriarekin elkarlanean. Antolatzaileek nabarmendu dute Aiaraldera zein Euskal Herrira begirako ekimena izango dela. “Horregatik ez dugu izen-ematea mugatu, Euskal Herri osoko taldeek izango dute parte hartzeko aukera”, aurreratu du Egoitz Palaciosek. Burubio kultur elkarteko kidearen hitzetan, apirilaren 30era arte egongo da lehiaketan izena emateko epea. “Burubioke.com atarian dagoen formularioa bete behar da horretarako”. Hortaz gain, hiru kanta bidali behar dira amurriock@gmail.com helbide elektronikora mp3 formatuan, taldearen argazki batekin batera -jpg formatuan-.
Hainbat muga
Hala ere, hainbat muga jarri dituzte antolatzaileek. Talde parte hartzaileek ezingo dute kontratu diskografikorik izan, ez eta bi disko baino gehiago argitaratuta. Kantuak “orijinalak eta norberak sortuak” izan beharko dira, eta parte hartzaileak prest egon beharko dira finalerdietan eta Amurrioko jaietan jotzeko, baldin eta horretarako hautatzen badituzte.
Bi kategoria
Antolatzaileek azaldu dute bi kategoria izango dituela lehiaketak: Rock eta metal taldeena alde batetik eta beste musika estilo batzuk jorratzen dituztenena bestetik. “Uste dugu talde gehienak lehen kategorian aurkeztuko direla”, aurreratu du Pacaiosek, taldeen hautaketarako jarraituko den prozesua azaltzearekin batera. “Elkarteak bi asteko tartea hartuko du taldeen abestiak baloratu eta finalerdietara zeintzuk igaroko diren erabakitzeko”. Lau finalerdi egingo dituzte Burubioren pabilioian, maiatzaren 18tik ekainaren 10era bitarteko asteburuetan. 12 talde igoko dira oholtzara sailkapen-fase horretan, kategoria bakoitzeko sei.
Finala ekainaren 15ean
Zehaztua dute dagoeneko noiz egingo den finala: ekainaren 15ean, Amurrioko Aste Musikalaren barruan. Lau taldek joko dute guztira azken txanpa horretan.
Hiru sari banatuko dituzte kategoria bakoitzean. Lehen postuan geratzen diren taldeek 700 euro jasoko dituzte eta telonero gisa arituko dira “Amurrioko jaietako kontzertu handietan”. Bigarren sariak 200 eurokoak izango dira. Horrez gain, hirugarren sari bat ebatziko da Aiaraldeko kideak dituzten taldee artean: Burubioren grabaketa estudioan zuzeneko hiru abesti grabatzeko aukera.