"Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa", bidea partekatuz

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mai. 29a, 10:34

Amurrion izan zen gogoeta saioa. / Aiaraldea.eus

Larunbatean izan zen Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren gogoeta saioa Amurrion. Eraso matxisten aurreko protokoloa aurkezteaz gain, aurtengo ekimenak azaldu zituzten. Aiaraldeko emakumeen topaketa feministan parte hartzeko deia ere luzatu zuten.

Amurrioko gaztetxea hautatu zuten aurkezpenerako Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako (EHEMM) kideek. Otsemeak taldea bidelagun, eskualdeko hainbat norbanako eta eragile feminista elkartu ziren. Batetik, "eraso sexistei aurre egiteko protokoloa" izan zuten ardatz, iazko "indarkeria matxista birpentsatzen" jardunaldietan emandako gogoetak txertatuta: "Eztabaida eta jakintza kolektiboaren fruitu izanik, dokumentu amaitu gabea eta dinamikoa da, borroka feministaren joan-etorriek osatu eta moldatuko dutena". Amurrioko Otsemeak eta Laudioko Bagara Nor taldeek, protokoloa osatzeko hainbat saio egin dituzte aurrez.

"Indarkeria transistemikoa"
Hala, kontzeptu "berria" azaldu zuten: indarkeri transistemikoa. Izan ere, emakumeenganako zapalkuntza sistemak askotariko biolentziak eragiten ditu. "Zapalkuntza sistemak ez daude airean, gure gorputzetan gurutzatzen dira hainbat une eta eratan: klasea, arraza, jatorria, adina, nazioa, hizkuntza, orientazio sexuala, genero identitatea, itxura fisikoa, aniztasun funtzionala...". EHEMMren arabera, intersekzionalitateak markatzen du emakume bakoitzak gizartean izango duen posizioa eta aukerak. "Azken finean, biolentziaren aurrean zaurgarritasun maila zehazten du. Indarkeria transistemikoaren marko kontzeptualak bortizkeria errealitate horiek identifikatzeko balio du", zehaztu zuten. Hori dela eta, "bazterretan kokatzen diren identitate zapaldu guztiak ikusgarri bihurtzea" izango dute erronka, hierarkizaziorik gabe. Hala, autodefentsa feminista antolatzeko aldagaiak aztertu zituzten jardunaldiko partaideek: egungo zailtasunak, indarguneak, salaketa formatuak eta beste.

"Feministen herria"
Ikasturte betea dator feminismoari dagokionez, Euskal Herrian ere. Urriaren 22tik 28ra nazioarteko topaketak antolatuko dituzte, mugimendu feministako 40 herrialde baino gehiagotako ordezkariekin. Iruñea izango da bilgune. Urriaren 27an, aldiz, "Feministon herria" bihurtuko dute Bilboko Areatza.

Feminismoaren loratzea, baina, hasia da dagoeneko Aiaraldean. Azken hilabeteetan makina bat ekintza egin ditu Aiaraldeko Mugimendu Feministak. Hurrengo hitzordua ekainaren 9an izango da, Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Hain zuzen, Aiaraldeko emakumeen I.Topaketa Feministak prestatzen ari dira sare-lanean.

Aiaraldeko emakumeen Topaketa Feministetan parte hartzeko deia
Euskal Herriko Mundu Martxako saioaren ostean, Aiaraldeko emakumeen topaketa feministen berri eman zuten. Hala, parte hartzeko deia luzatu zuten bertaratuek. Ekainaren 7an bukatuko da izena emateko epea. Bestalde, ostiral honetan 19:00etan spota grabatzeko Faktorian agertzeko gonbita zabaldu zieten eskualdeko emakume orori.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide