“Kulturen arteko bazkaria” egingo dute Amurrion ekainaren 24an -igandea-. Juan Urrutia plazan izango da zita eta, aurreratu dutenez, ez da otordu hutsa izango. “Egunaren hasieratik egongo gara janaria prestatzen herriko plazan, plaza pixka bat apaintzen, musika entzuten...”, azaldu dute Amurrioko zurrumurruen aurkako Bizilagunak taldeko kideek. Hirurak aldera bazkaltzea aurreikusi dute. Afrika iparraldeko estiloan prestatutako cous-cousa jango dute, entsalada eta mazedoniarekin batera. Bazkalostean, aldiz, “World Café” moduko bat egin nahi dute. “Mahai txikietan eseriko gara hainbat gauzei buruz hitz egiteko, elkar hobeto ezagutzeko”.
Bazkarian izena emateko ondorengo telefono zenbaki hauetakoren batera deitu edo mezu bat bidali behar da: 690 226 900, 649 044 154 edo 628 571 547. Posta elektronikoa ere baliatu daiteke, paloma.gutierrez@cear-euskadi.org helbidera idatzita.
Horrez gain, argazki erakusketa bat atondu dute Bizilagunak taldeko kideek. Astelehenetik dago ikusgai Bañueta kiroldegiaren sarreran, ekainaren 23ra arte.
Urtebeteko ibilbidea
Duela urtebete sortu zen Amurrioko taldea, CEAR erakundeak atzerritarren kontrako zurrumurruen aurka eginiko kanpaina baten bidez. “Hainbat hitzaldi, tailer eta ekintza egin ditugu”, azaldu dute taldeko kideek. Baina, nabarmendu dutenez, herriaren erdian bazkari bat egitea zen “ilusio gehien” sorrarazten zien ekintza. “Elkar ezagutzeko, esperientziak elkarbanatzeko eta hainbat zurrumurruekin bukatzeko” baliatu nahi dute ekimena.