ELA sindikatuak oharra plazaratu du adierazteko lan-hitzarmena sinatu dutela Tubacexeko zuzendaritzarekin. Maiatzaren 31an egin zuten hitzarmenaren bozketa, eta botoa eman zuten langileen %69,16 azaldu zen balizko akordioaren alde.
Hitzarmen horren bertuteak nabarmendu ditu ELAk. Beharginen eroste ahalmena handitu egingo dela nabarmendu du sindikatuak; “hurrengo urteetarako soldata-igoerak, kontzeptu guztietan, KPItik gorakoak izango dira”.
80 kontratu finko baino gehiago
ELAk azaldu duenez, errelebo kontratua egongo da “1958, 1959 eta 1960 urteetan jaiotakoentzat” , eta “80 kontratu finko baino gehiago” egingo dira. beste hainbat hobekuntzarekin batera: “ laneko arropa dohainik garbitzea; 5 urtera arteko adingabeak zaintzeko lan-utzialdia luzatzea; edoskitzaro-baimenaren denbora metatu ahal izatea; eta norberaren erabilerako egunak ordu soltetan hartu ahal izatea”.
Horrez gain, enpresaren zuzendaritzak “Laudio eta Amurrioko lantegietan 30 milioi euroko inbertsioak egiteko konpromisoa” hartu duela nabarmendu du sindikatuak, “hitzarmenaren indarraldiaren barruan”. “Horrez gain, erreformaren aurkako klausulak mantenduko dira (aurreko hitzarmenean lortu zuen ELAk klausula horiek txertatzea, aurrera-eragin mugagabea izateko), malgutasuna mugatuko da, eta enpresak ez du hitzarmena salbuesterik izango”.
ELAko kideek nabarmendu dute hitzarmena “negoziazio gogor baten emaitza” izan dela, “atal sindikalaren ganorazko eta taxuzko lanaren fruitua”.
Gatazka luze eta gogorra
Hitzarmenaren aferak gatazka luze eta gogorra eragin zuen Tubacexek eskualdean dituen bi lantegietan. Egin zen lehen bozketan langileen gehiengoa akordioaren aurka azaldu zen, eta grebak deitu zituzten LAB, STAT eta USO sindikatuek. Zuzendaritzak, bere aldetik, koakzio-gutunak bidali zizkien langile guztiei, besteak beste.
LAB sindikatuak adierazi du sinatu den lan-hitzarmena “proposatu zen lehenengoa baino txarragoa” dela, “ez dituelako malgutasunari lotutako arazoak konpontzen eta urte bat gehiagoko iraunaldia duelako”. Era berean, “80 lanpostu finko” sortzea nahikoa ez dela adierazi du sindikatuak, “lanpostu horiek nahierara esleituko dira, eta horrela ez da kontratazioan iruzurra egiten jarraitzea ekidingo”.
Hala ere, LABek positiboki baloratu ditu prozesuan zehar bizitako hainbat gauza. “Langileen asanblada bat egiteko aukera egon zen, eta zuzendaritzaren aurrean borrokatzeko parada egon zen baita, eginiko greben bidez”.