Tubos Reunidos taldean erabakiak eta neurriak azkartzen ari dira Guillermo Ulaciak zuzendaritza utzi ostean.
Izan ere, gaur bertan iragarri diete arduradun berriek langile ordezkariei enplegua erregulatzeko espedientea abiatuko dutela. Horrek esan nahi du beharginak etxera zenbait egunetarako bidaliko dituztela.
Hala eta guztiz ere, sindikatuek ez dakite zein den enpresaren asmoa. Hau da, ez dakite zenbat iraungo duen espedienteak ezta zenbat langileri eragingo dien.
Zuzendaritzaren egitasmoa Guillermo Ulaciaren dimisioak sortutako zurrunbiloaren erdian gertatu da. Berez, azken astean enpresaren akzioen %35eko balioaren galera jazo da, eta horri gehitu behar zaio zorra ordaintzeko gaitasun eza aitortu duela zuzendaritzak. Horrez gain, Trumpen zergek zalantzan jarri dute negozio eredua.