Kepa Gonzalez izango da berriz Orain Amurrioren alkategaia datorren urteko maiatzean egingo diren udal-hauteskundeetan. Talde politikoak duela zenbait hilabete hasi zuen afiliatuen eta gertukoen iritziak jasotzeko kontsulta. “Emaitza ezin da positiboagoa izan, gehiengoa lerrokatu delako duela lau urte abiatu genuen udal proiektuari jarraipena ematearen alde”.
Jende gaztea
Gonzalezekin batera beste hainbat pertsona egongo dira hautagai gisa. Horrez gain, Orain Amurrioko kideek nabarmendu dute “oso ilusionatuta” daudela jende gaztea batu delako proiektura. “Datozen hilabeteetan garatuko dugu gure programa, duela lau urte sortu genuenetik eta lege-agintaldi honetan egindako lanetik abiatuko dena”.
Talde politikoko militanteek uste dute Amurrioko gaur egungo egituraketa instituzionaleko “funtsezko zatia” direla. “Hazten jarraitu nahi dugu EAJren gobernuarekiko alternatiba izateko”.