aiaraldea.eus

19,1 milioi euroren truke esleitu zituen atzo Arabako Foru Aldundiak Saratxoko errepidearen obrak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Aspuru Saez   Jendartea  Amurrio  Amurrio: Saratxo

Nuño y Pescador, Balgorza eta Aglomerados Los Serranos enpresek eratutako aldi baterako enpresa elkarteari esleitu zion atzo Arabako Foru Aldundiak A-625 errepideko lanak egikaritzeko kontratua.

19,1 milioi euroren truke esleitu zituen atzo Arabako Foru Aldundiak Saratxoko errepidearen obrak
Saratxoko errepidea. / Aiaraldea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

Legealdia bukatzeko hilabete gutxi falta direnean esleitu du Arabako Foru Aldundiak Saratxoko errepidean egin behar den lana. Zehazki, 19,1 milioi euroko kontratua esleitu zuen atzo, eta Nuño y Pescador, Balgorza eta Aglomerados Los Serranos enpresek gauzatuko beharko dituzte obrak.

Lanak udaberrian hasiko direla iragarri dute eta 32 hilabeteko iraupena izango dute. Hau da, 2021ean bukatuko dira.

Proiektuak A-625 errepidearen 354,2 eta 357,3 kilometro puntuen artean eragingo du. Aldundiak jakinarazi du, besteak beste, sestra aldaketak eta bihurgune arriskutsuak kenduko dituztela. Errepide berria bi norabidekoa izango da eta galtzadak 3,50 metroko bi erraia, 1,50-2 metro bitarteko bazterbideak eta 0,75 metroko bermak izango dituela.

Horrez gain, Arabako Foru Aldundiak aipatu du Nerbioiko Parke Linealaren Plan Bereziaren zati bat egikarituko dela A-625 berriarekin batera. Zehazki, txirrindularientzako eta oinezkoentzako zidorra, Tubacex dagoen industrialderako sarbideetatik Saratxoko herrigunera doana.

Saratxoarrak, etsituta
Saratxo Bizirik plataformak eta tokiko Administrazio Batzarrak adierazi zuten aspaldi etsituak daudela. Izan ere, proiektua aldatzeko saiakerak egin dituzte maiz, "porlanean ez itotzeko". Besteak beste, aldaketa teknikoak egiteko ingeniari taldea kontratatu zuten, baina, azkenean, euren eskaera gehienak baztertuak izan dira, nahiz eta obrek lur zabalera txikiagoa okupatuko duten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa