Atzo iluntzean egin zuen Orain Amurriok hauteskundeetako ekitaldia, Katekesi aretoan. Kepa Gonzalez alkategaiak, Xabi Vivancok eta Laura Harillok hartu zuten parte agerraldian.
Azken lau urteetako kudeaketa politikoaren balantzea egin zuten batetik. Xabi Vivanco Orain Amurrioko hautagaiak alderdien jokoa kritikatu zuen: "PSE-EEren makuilu den EAJren eskumako politikari aurre egiteko aurkeztu gara. Dena ez dago salgai, EAJk egiten duen bezala -dena pribatizatzen baitu-, ez dute jendearengan sinisten". EH Bilduri, berriz, "zabarkeria eta gaitasun eza" leporatu zioten, "zerbitzu sozialetan hartutako jarreragatik". "Gure programa gabezia guzti horiek ekiditeko da".
Kepa Gonzalez zerrendaburuak, berriz, programa izan zuen hizpide. Orain Amurrioren ustez, enplegua da egun herriko arazo nagusia, "ekonomia sozialean inbertitu behar da". Etxebizitza problematikari dagokionez, alokairu sozialen beharra azaleratu zuen alkategaiak, energiaren kontsumoan sakontzeko konpromisoarekin batera: "Gaur egun %1 da energia propioa. Inbertsioak argiaren faktura merketuko luke".
Gazteen eta edadetuen beharrak ere islatu dituzte euren proiektuan, "erreferentziazko zentroa" sortzeko asmoarekin. Gaztelekuaren itxiera jarri zuten ekitaldian gabeziaren adibidetzat: "12-18 urte artekoentzat ez dago azpiegitura, kultur ez aisialdi proposamenik". Bestalde, euskararen normalizazio eta sozializazioaren alde lan egingo dutela esan zuen Gonzalezek, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren kanpainari jarraiki: "Hala ere, diru publikoa iniziatiba publikoetara bideratu behar da, ez ekimen pribatuetara".
Finean, herritarrei Orain Amurrioren programa irakurtzeko gonbita luzatu zieten: "Beste munizipalismo bat zilegia da".