Horrez gain, Lasarte-Oriako PSE-EEren egoitzan pairatutako erasoa arbuiatu du zerrendaburuak. Amurriorako prestatu duten udal programako puntuak aipatu ditu Romerok jarraian. Epaitegian aparkalekua eraiki nahi dute, merkatu zaharra dagoen tokian erabilera anitzeko areto bat sortu, eta irisgarritasuna hobetu“ auzoetan zein erdigunean”. Horrez gain, turismoa indartu nahi dutela gaineratu du alkategaiak, eta enpresa berriak erakarri.
Paqui Macias izan da mikrofono aurrean jartzen bigarrena. Batzar Nagusietarako Aiarako zerrendaburuak azken lau urteetan eginiko lana goraipatu du. Enplegua jarri du adibide gisa: “Agintaldi hasieran enplegura bideratutako foru aurrekontua 600.000 eurokoa zen. Gaur egun, aldiz, 2,4 milioi eurokoa da”. Laudioko Lamuza parkea eraberritzeko egondako “bultzada sozialista” ere azpimarratu du. Hala ere, sozialistak “esentziaz inkonformistak” direla azpimarratu du hautagaiak, “badakigu gauza asko ditugula egiteke”.
Cristina Gonzalez izan da hitz egiten azkena. Maciasek landutako ildoa jorratu Ahaldun Nagusirako hautagaiak. AP-68 autobideko hobariak Bizkaiara zabaldu nahi dituzte aipatu du, besteak beste. Bere hitzetan, Alderdi Sozialista da “ezkerraren alderdi erreferentea”. Gauzak hala, boto sozialista bakoitza “funtsezkoa” dela nabarmendu du Gonzalezek, “langabezia jaisteko, besteak beste”. Datuak jarri ditu mahai gainean, azken urteetan eskualdeko langabezia jaitsi egin dela gogoratzeko.