"Amurrio eta Araba eraldatzen jarraitzeko" konpromisoan berretsi da EH Bildu

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mai. 23a, 22:21

Ekitaldia egin du EH Bilduk gaur arratsaldean Amurrion. Kike Fernandez de Pinedo, Mikel Otero eta Iñaki Ibarluzeak hartu dute hitza.

Kike Fernandez de Pinedo izan da mikrofono aurrean jartzen lehena. “Behetik gorako gobernuan” sinesten dutela esanez hasi du hitzartzea ahaldun nagusirako hautagaiak. Hauteskunde kanpainaren atzean “lan asko” dagoela azaldu du zerrendaburuak, eta aitortu du EH Bilduko kideak nekatuta daudela horren ondorioz. “Nekatuta gaude, baino ilusio handia dugu barruan”, nabarmendu du, “jakin badakigulako boto bakan batzuk baino ez gaituztela Araban lehen indarra izatetik banatzen”.

Horregatik, beste talde politiko batzuk “geroz eta urduriago” daudela uste du Fernandez de Pinedok, eta koalizio abertzalearen aurka esan dituzte hainbat “topiko” gezurtatu ditu jarraian. “Gobernatzen ez dakigula esaten digute,  hainbat udalerritan urteak daramatzagunean alkatetzan, ametsak errealitate egiten. Era berean, enpresen aurka gaudela esaten digute, EH Bildu izan denean Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa suspertzeko ponentzia egitea proposatu duena”.  

Araba asko aldatzen ari dela uste du hautagaiak. “Lehen Araba erdalduna, 'fatxa' eta probintzianoa zela esaten zen, baina orain jada ez da hala. Seguru nago igandeko hauteskundeetan ere aldaketa hori islatua geratuko dela”.

EAJren kritikei erantzuna
Mikel Otero izan da hitza hartu duen bigarren pertsona. EH Bilduko legebiltzarkideak eskerrak eman die Aiaraldeko herritarrei, eskualdeko botoak “berebizikoak” izan zirelako iragan apirilaren 28ko hauteskundeetan Maroto Espainiako Kongresutik kanpo uzteko. Era berean, EAJk eginiko “kanpaina zikina” kritikatu du politikari arabarrak, eta babes hitza helarazi dizkie Galder Barbado, Alfredo Remirez eta Julen Ibarrolari zein Lezamako tiroketa pairatu zuen sendiari.

“Euskara eta feminismoa” ardatz
Galder Barbado aipatuaz hasi du, hain zuzen, Iñaki Ibarluzeak bere hitzartea. Amurrioko alkategaiak jakinarazi du amaitzear dagoen legealdian udalerrian egin diren hainbat gauza “EH Bilduren marka” daramatela, baina nabarmendu du ez dutela medailarik jarri nahi izan, proiektuak aurrera ateratzea dutelako helburu. Kontrara, “etengabeko hauteskunde kanpainan” egotea eta “etengabe argazkian agertu nahi izatea” leporatu dio zerrendaburuan egungo udal-gobernuari. Horren aurrean, “euskara eta feminismoa” ardatz izango dituen udal bat aldarrikatu du Ibarluzeak, “gizarte mugimenduei bizkarra eman ordez, aurpegia emango diena”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide