Amurrioko arku-tiro txapelketa, urteko zita jendetsuena

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urr. 7a, 20:00

Goikomendi Arku-tiro Sariketaren VIII. edizioa egin zen iragan igandean Amurrion, Izarzako basozainaren etxearen inguruetan. 83 arkularik hartu zuten parte norgehiagokan. Gauzak hala, EAEn aurten egin den txapelketa jendetsuena izan zen. Amurrion egiten diren ekimenak zita garrantzitsu bihurtu dira Euskal Herriko kirolarientzat.

Igande goizean ohikoan baino asaldatuago esnatu zen Amurrioko Izarzako zonaldea. Goizeko hamarretatik aurrera dozenaka lagun bildu ziren bertan dagoen basozainaren etxe ohian, arkuak eskuetan eta fletxak zorroetan, Goikomendi Sariketari hasiera emateko prest.

VIII. edizioa izan da aurtengoa. Zortzi urtetan ezinbesteko zita bilakatu da norgehiagoka hori Euskal Herriko arkularientzat. “EAEn aurten egin den arku-tiro probarik jendetsuena izan zen igandekoa, 83 pertsonek hartu zuten parte”, nabarmendu du Josemi Elejalde antolatzaileak.

Amurrio Arku Kirol Taldeko kideak positiboki baloratu du aurtengo edizioa: “eguraldiak lagundu egin zuen, azken unean soilik egin baitzuen euria”.

Entrenamenduak
Hiruzpalau norgehiagoka antolatzen ditu Amurrioko taldeak urtero, hainbat modalitatetakoak: aretokoak (kiroldegian), dianetakoak, libreak eta basokoak.

Egunerokoan, aldiz, entrenatzeko batzen dira Refor industriaguneko zelai batean. “Astearte eta ostegun arratsaldetan egiten ditugu saioak”, azaldu du Elejaldek, eta herritar orori luzatu dio gerturatzeko gonbita. “Kirola probatzen uzten dugu, ekipamendua utzita. Gero, jarraitzen dutenek eurena eskuratzen dute, baina ez da garestia”.

26 urteko ibilbidea
Duela 26 urte sortu zen Amurrio Arku Kirol Taldea. “Lau arkulari bertaratu ziren herrira Urkabustaiztik eta kirola irakasteko tailer bat antolatzea proposatu zioten udalari”, oroitu du Elejaldek, “15 pertsona bertaratu ginen ikastaro horretara. Arrakasta handia izan zuen eta bigarren edizioa antolatu zuten. Ondoren, 11 pertsona bildu eta taldea sortu genuen”.

Orain askoz gehiago dira taldean: “9 ume daude eta 54 heldu. Araban bost klub daude, eta gurea da handiena".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide