Udalak erositako aulki egokitua estreinatuko dute Babioko igoeran

Txabi Alvarado Bañares 2019ko abe. 11a, 18:38
Gaur goizean egin dute prentsaurrekoa. / Aiaraldea.eus

Mugikortasun urria duten hiru gazte igoko dira mendiko tontorrera, Amurrioko Trail Taldeak antolatutako ekimenari esker.

Datorren abenduaren 24an estreinatuko dute Amurrioko Udalak erositako aulki egokitua. Egun horretan Babiora igoko diren mugikortasun urriko hiru umeetako bat garraiatzeko baliatuko dute aulkia.

Babioko igoeraren laugarren edizioa izango da aurtengoa. Iazko edizio zinez arrakastatsua izan zen: 600 lagunek hartu zuten parte ekimenean. Babio Non Stop erronka ere antolatu zuten, abenduaren 23ko 18:00etatik 24ko 10:00etara arte iraun zuena. Bertan parte hartu zuten korrikalariek 10 euro ordaindu zituzten parte hartzeagatik. Modu horretan 4.600 euro bildu zituzten antolatzaileek, eta AEFAT elkarteari eman zioten diru hori.

Aurten, aldiz, Bihotzez elkartera bideratuko dituzte izen emateetatik lortzen dituzten irabaziak. Sortzetiko kardiopatiak dituzten pertsonen senideek osatzen dute elkartea. “Gaur egun 80 familia gaude”, azaldu dute Bihotzez elkarteko kideek gaur goizean Amurrioko Udaletxean eskainitako prentsaurrekoan. Nabarmendu dutenez, umeei “jaio baino lehen edo jaiotzean” detektatu ohi zaie gaixotasuna. “Batzuk tratamendua oso goiz jasotzen dute. Beste batzuk, aldiz, tratamendurik jaso gabe hazten dira”. Elkartearen jarduna bi esparrutan garatzen dela azaldu dute: “Tratamendua jasotzen ari diren umeei eta euren senideei laguntza psikologikoa eskaintzen diegu, ospitalean denbora luzez egon behar dutelako. Beste aldetik, eskoletan ere jardun nahi dugu”. Gauzak hala, Babioko igoera elkartea ezagutzera emateko balioko diela uste dute, “laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain”.

Josune Irabien ere hartu dute parte aurkezpen prentsaurrekoan. Ekimena balioan jarri du alkateak, EITB maratoia ekimenarekin alderatuta. “Boluntarioen lana” goraipatu du bereziki, “asko baloratzen ez den zerbait” dela argudiatuta.

40 lagun inguru arituko dira igoera antolatzen, trail taldeko kideek aurreratu dutenez. Horrez gain, Mendekaraino joango den autobusa egongo dela aurreratu dute. “Bertan joateko aurretik izena eman beharko da”. Aitortu dutenez, antolakuntzako kideek “emozio handiz” bizitzen dute ekimena: “Mugikortaun urria duten haurrak tontorrera iristen direnean malkoak ateratzen zaizkigu”.

Montes Solidarios elkarteko Abel Fernandezek, bere aldetik, udalak erositako aulki egokituari ahalik eta zuku gehien ateratzen prestutasuna erakutsi du. “Udaberrian ikastaro irekia egingo dugu, aulkia nola erabili irakasteko”, iragarri du korrikalari amurrioarrak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide