Amurrioko Greba Batzordeak oharra plazaratu du salaketa egiteko. Izan ere, salatu dutenez, Josune Irabien alkateak ez die baimenik eman frontoia zaintza gune komunitario gisa erabiltzeko biharko greba orokorrean.
Batzordeak gaineratu du zaintza espazioa Martxoaren 8an ere prestatu zutela grebalarien seme-alabentzat eta biharko lanuztean baliatzeko ere eskatu zutela.
Amurrioko Greba Batzordeak adierazi du alkateak horri uko egin diola: "Eskaera bide formalean gauzatu ostean eta hasieran Greba Batzordeari baiezkoa eman zitzaion arren, modu pertsonalean erabaki du herriarena den materiala ekimen konkretu honetarako ez uztea, bera honen jabe izango balitz bezala eta agerian utziz noren alde ez dagoen; 'Greba politikoaren izaera' aitzakiatzat hartuz".
Hori ez ezik, greba deitzaileek nabarmendu dute prozedura ez dela zuzena izan eta Josune Irabien ez omen dagoela elkarrizketarako prest: "Prozesuaren irregulartasuna salatzeaz gain (instantziak galdu izan dira, erabakia ez da modu formalean helarazi Greba Batzordera...) Greba batzordearekin ez du bilerarik jarri nahi izan".
Azkenik, batzordeak ziurtatu du bihar zaintzarako gune komunitarioa egongo dela, Mendiko Lagunak taldeko egoitzan, hain zuzen.