Lan erregulazio espedientea ezarriko dute Tubos Reunidos enpresan bihartik aurrera

Aitor Aspuru Saez 2020ko mar. 17a, 10:40

Tubos Reunidoseko langileek protesta egin dute gaur goizean.

Amurrioko lantegian beharginek ekoizpena gelditu dute goizean, sindikatuen eta zuzendaritzaren arteko bilerak iraun duen bitartean. Batzar horretan zuzendaritzak iragarri du lan espedientea abiatuko duela, larrialdi egoerak behartuta.

Sindikatuen eta zuzendaritzaren arteko bilera hasi da gaur 10:00ak aldera Tubos Reunidos enpresan eta eguerdira arte luzatu da. Batzarrean jabeek adierazi dute lan enplegurako espedientea hasiko dutela bihar, ezinbesteko arrazoiak direla medio.

Printzipioz, osasun larrialdia amaitu arte iraungo du espedienteak eta lan erakundeek 5 egun dituzte onartzeko. Enpresak gaineratu du atxikituko dela Espainiako Gobernuko neurri guztietara, ekonomiaren sostengurako.

Neurriak suposatzen du jarduera osoa geldituko dela, baina gradualki. Izan ere, labea ezin da gelditu bat-batean kalte larriak eragin gabe. Gauzak horrela, bihar goizeko 06:00etan lantegia hutsik egongo da eta segurtasunerako zein bulegoko gutxiengo zerbitzuak ezarriko dituzte.

Zuzendaritzak bermatu du segurtasun eta prebentzio elementuak egongo direla eta langileek topo ez egiteko irteeran, ordutegi malgua ahalbidetuko du.

Goizean, Tubos Reunidos enpresako langileek jarduera geratu dute faktorian. Berez, altzairutegia ez konprometitzeko beharrezkoak diren lanpostuek bakarrik jarraitu dute jardunean.

Gainerako beharginak elkartu egin dira zuzendaritza eta sindikatuak bildu bitartean.

Aiaraldea hedabideari azaldu diotenez, langile ordezkariek ekoizpena etetea eskatu dute, enpresako prebentzio protokoloak ez baitu errespetatu Lan Arriskuen Legea (adibidez, ezin izan dute jantokia erabili, eta lantegiko edozein txoko baliatu behar izan dute ogitartekoa jateko) eta gutxieneko distantzia ez da bete zenbait ataletan (mantenuan, adibidez) koronabirusaren zabalpena ekiditeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide