Tubos Reunidos konpainiako zuzendaritzak agiria bidali zion langile batzordeari atzo, jakinarazteko enplegua erregulatzeko espediente berria abiatu nahi duela.
Amurrioko faktoriako beharginei ez ezik, Trapagako instalazioetan lan egiten duten saltzaileei ere eragingo die neurriak.
Pasa den astean Tubos Reunidosek indarrean zegoen espedientea bertan behera utzi eta gero dator iragarpen berria. Neurri horrek aurrera egin zuen, zuzendaritzak eta sindikatuek akordiorik lortu gabe.
Soka luzea ekarri du Covid-19an krisialdiak Tubos Reunidosen. Izan ere, hasieran enpresak ez zuen ekoizpena gelditu nahi eta, langileek eten eta gero, espedientea abiatzea erabaki zuen zuzendaritza. Hasieran, Eusko Jaurlaritzak ez zuen onartu "indarrezko" arrazoiak egotea neurri hori gauzatzeko. Gero, enpresaren helegitea onartu zuen.
Hainbat astez negoziatu ostean, gainera, espedientea moldatu eta uztailera arte luzatu zuen zuzendaritzak, baina pasa den astean bertan behera utzi zuen, eta astelehenean behargin guztiak itzuli ziren euren lanpostuetara. Orain, enpresak bestelako iritzia aurreratu du.