Otsailaren 2an eskainitako emanaldia sareratu du Aiara Dantza Taldeak. "Aurten ez dugu euskal jairik izango, baina hala ere sorpresa bat dugu! Nahas jolas 2 ikuskizunaren bideoa estreinatu dugu euskal jaiak izan behar zuen egunean", azaldu dute zabaldutako oharrean.
2019an egin zuten ikuskizunaren lehen zatia, eta bigarren atala "taldeko dantzari guztien parte hartzearekin" sortu dute. Amurrio Antzokian taularatu zuten dantza saioa neguan, talde eta adin orotariko 150 lagunekin. Aiaraldea Komunikabideak argazki erreportajea plazaratu zuen ordukoan.
"Euskal tradiziotik haratago doan dantza eta musika ikuskizuna da, eta euskal dantzak erritmo eta estilo desberdinetara egokitzea du ardatz, elkarren artean uztartuz eta haiekin jolastuz", erantsi dute. Lehen zatia ere Youtuben dago ikusgai: