Langile bat kaleratu dute Tubacex enpresan, ikerlaria bere atzetik jarri ostean bajan zegoen bitartean

Aitor Aspuru Saez 2020ko eka. 3a, 11:34

Tubacex enpresako langileen mobilizazio baten artxibo irudia. / Aiaraldea.eus

Amurrioko Aceralava enpresako langilea atzo kaleratu zuen Tubacex taldeak eta beharginak epaiketara joko du. Sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte.

Atzo arratsaldean langile bat kaleratu zuen Tubacex taldeak Amurrioko lantegian. Lanean zegoelarik jakinarazi zion enpresak erabakia.

Antza, Tubacexek ikerlaria kontratatu zuen beharginaren atzetik aritzeko bajan zegoen bitartean, eta horren txostena baliatu du botatzeko.

Sindikatuek adierazi dute txostena gezurretan dagoela oinarrituta eta erantzungo dutela. Alde batetik, epaitegira joko dute erabakiaren kontra.

Bestetik, enpresa batzordeak mobilizazioak iragarri ditu. Astelehenean elkartuko dira berriro deialdiak zehazteko.

Kasu gehiago
Atzoko kaleratzea ez da diziplina zigorrei lotutako kasu bakarra. Aste honetan beste langile bati adierazi dio zuzendaritzak prozedura abiatu dutela bere aurka.

Gainera, otsailean 60 egunez soldatarik eta lanik gabe utzi zuen Aceralavak beste behargin bat.

Iturri sindikalek aipatu dute zigor gogorrenen bidea hartu duela enpresak -20 eta 60 egun bitartean lan eta soldatarik gabe uzteko aukera zuen enpresak ere, baina neurri bortitzenaren alde egin du-. Gauzak horrela, beharginen batzordeak aipatu du langileek baloratu beharko dutela nola erantzun politika horri.

Nabarmentzekoa da Tubacex enpresa informazioaren jomugan egon dela azken urtean. Izan ere, iazko udan bi langile hil ziren bere fabriketan eta COVID-19ko krisialdiaren hasieran beharginek protestak egin zituzten segurtasun neurriak eskatzeko.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide