Bi pertsona zauritu dira gaur Amurrion gertatutako trafiko istripuan. Goizeko hamaikak aldera jazo da ezbeharra, A-624 errepidean, Artziniegako norabidean. Auto bat bidetik atera da, eta ibilgailuaren barruan zihoazen bi pertsonek kolpea jaso dute. Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, eta Galdakaoko ospitalera eraman dituzte zaurituak.
Hala ere, ez dirudi kalte larria izan denik, Ertzaintzak Aiaraldea Hedabideari azaldu dionez. Trafikoan ere ez du aparteko eraginik izan, ibilgailuaren bidetik atera delako.
Hiru istripu astebetean
Azken astean hiru trafiko istripu gertatu dira gutxienez eskualdean. Larriena ostiralean jazo zen, Arakaldon. Bi autok elkarren artean talka egin zuten eta horietako batek sua hartu zuen. Bi egun lehenago beste ezbehar bat egon zen Garateko gainean, baina ez zen zauriturik egon.