Garbiketa zerbitzua publiko bihurtzea eskatu du Orain Amurriok

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 16a, 13:37
Cespako langile bat lanean, artxiboko irudi batean. / UKberri.net

Cespa enpresak kudeatu du azken urteetan zerbitzu hori, baina esleipena berritu behar da laster. 

Mozioa aurkeztuko du Orain Amurrion hurrengo Udal Osoko Bilkuran, Amurrioko garbiketa publiko bihurtzea eskatzeko, zerbitzu horren esleipenaren berritzea hurbil dagoelako. Bi gauza eskatuko dituzte talde politikoko kideek: zerbitzu hori udalekotzeko egokitasun zein bideragarritasun txostenak osatzea eta foro bat sortzea gaiaz hitz egiteko. Proposamen zehatz bat jarri dute mahai gainean: Garbiketa  Amurrio Bidean elkartearen bidez egitea,  merkataritza-sozietate hori %100 udalarena delako. 

Orain Amurriok salatu duenez, une honetan zerbitzu hori kudeatzen duen enpresa pribatuak ez du garbiketa egokia egiten. “Gainera, garbiketa lanak egiten dituzten langileak ere kexu direla jakin dugu”. Udal eraikinen garbiketa ere udalak berak kudeatzea eskatu du oposizioko taldeak, gaur egun “10 kontratu eta enpresa ezberdinekin” egiten direlako. 

Garbiketa  Amurrio Bidean merkataritza-sozietatearen bidez egitea proposatu du Orain Amurriok

Talde politikoak gogorarazi du Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen legeak zerbitzu publikoak “ahalik eta modu eraginkor eta efizienteenean kudeatzea” eskatzen duela. “Halaber, zerbitzuak emateko kontratuen adjudikazioari buruzko Europako Zuzentarauak argi eta garbi azaltzen du agintaritza bakoitzak zerbitzuak emateko era erabakitzeko askatasuna duela, betiere kalitate, segurtasun eta irisgarritasun ekonomiko handia eskainiz, besteak beste”. Efizientzia neurtzeko “giza errentagarritasuna bere osotasunean” neurtu behar dela nabarmendu dute Orain Amurrioko kideek,  Europako Estrategia 2020k hala jasotzen duela argudiatuta. “Gure kale eta gune publikoetako garbiketari buruzko kexak ugariak dira eta arazo horiek udalerriak enpresa esleipendunak -etekina helburu nagusi duena- baino hobeto konponduko dituelako uste sendoa dugu”. 

Orain Amurrioko kideek aitortu dute zerbitzua publiko bihurtzeko prozedura ez dela erraza, “ez samurra”; baina nabarmendu dute udalari dagokiola hori burutu ahal izateko baliabideak jartzea. 

Cespa enpresa

Cespa enpresak kudeatu du Amurrioko kaleen garbiketa azken 4 urteetan. Ferrovial eraikuntza talde espainiar erraldoiaren filiala da, eta Aiarako Kuadrillako hondakinen bilketa ere kudeatzen du. Hain zuzen, tokiko erakunde horrek 72.300 euroko isuna jarri zion iaz enpresari, hondakinen bilketan kontratua ez betetzeagatik.

Orain Amurrio taldeak, bere aldetik, urte ugari daramatza garbiketa zerbitzua publiko bihurtzea eskatzen, beste zerbitzu batzuekin batera (Bañueta kiroldegiaren kudeaketa, kasu). 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide