Tubos Reunidosen egoitzaren aurrean egin dute protesta gaur

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 5a, 12:20

Tubos Reunidos eta Productos Tubulares enpresetako LAB eta ESK sindikatuen atalek elkarretaratzea egin dute gaur zuzendaritzari zenbait aldarrikapen adierazteko. ITP eta Tubacexeko langileen babesa jaso dute.

Gaur goizean mobilizazioa egin dute LAB eta ESK sindikatuek Tubos Reunidos taldearen bulegoen aurrean. Amurrio eta Trapagako lantegietako beharginak batu dira bertan eta horiei gehitu dira ITP zein Tubacexeko beste hainbat ere.

Langile ordezkariek testua eman diote konpainiako zuzendaritzari eskaera argiekin. Izan ere, Tubos Reunidosek 115 milioi euroko erreskatea eskatu dio Espainiako Gobernuari eta oraindik ez die industria plana aurkeztu sindikatuei. Beharginen ordezkariek euren kezka adierazi dute, enpresak kaleratzeen bidea har dezake eta.

LABek eta ESK-k argitu dute 2020ko erregulazio espedientea hasi zenetik eskatu dizkiotela industria zein bideragarritasun planak zuzendaritzari eta ez dutela erantzunik jaso.

Lan hitzarmena

Horrez gain, erakundeek gogoratu dute zuzendariek zein akziodunen kontseiluek euren soldatak eguneratu dituztela, baina lan hitzarmenaren negoziazioek ez dutela aurrera egin. 

Zentzu horretan, sindikatuek exijitu diote zuzendaritzari serio hartzeko negoziazioa, egungo blokeoa gainditzeko eta langileek soldatak zein baldintzak ere eguneratzeko.

ITP eta Tubacex

Tubos Reunidos eta Productos Tubulares enpresetako langileek ITPko beharginen eta Tubacexeko grebalarien babesa izan dute. Gainera, mobilizazio hori bukatu ostean, Tubacexeko grebalariek Eaton enpresako langileen manifestazioan ere parte hartu dute.

Argazkiak: Tubos eta Tubacex enpresetako langileak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide