Bi urte igaro dira Amurrioko Udal Gobernua osatu zenetik, eta EH Bilduk orain arteko balantzea aurkeztu zuen iragan ostiralean -ekainak 2- Amurrioko parkean eskainitako agerraldian. Herritarren interesak defendatzeko "modu nekaezinean" lan egingo dutela adierazi zuten koalizioko ordezkariek.
Iñaki Ibarluzea eta Garazi Dorronsoro bozeramaileek hartu zuten hitza, euren esanetan EAJren Udal Gobernuak “erabakiak inposatzen ditu, interes ekonomikoak lehenesten ditu eta zerbitzuak zentralizatzearen aldeko apustua egiten du”. Kantauriko Urkidetzaren ur partzuergoaren disoluzioa edo eukaliptoen hedapena eragin duen basogintza politika jarri zituzten eredu horren adibide.
Larrialdi mahaitik kanpo
Pandemiak eragindako osasun-larrialdi egoera eta udalean egin den honen gaineko kudeaketa ere aipatu zituzten. Izan ere, EAJk larrialdi-mahaitik kanpo utzi zituen oposizioko udal-talde guztiak, eta eskualdeko egoera ekonomiko larriaren aurrean erantzun falta leporatu diote Udal Gobernuari.
Aldiz, oposizioak egindako lana goraipatu dute Ibarluzeak eta Dorronsorok. Arlo ekonomikoan zein antolamendu arloan pandemia egoerari erantzuteko larrialdi-plana diseinatzeko proposamen zehatzak mahaigainean jarri zituztela gogoratu dute.
Halaber, laster abiatuko den Udaltzaingoaren jarduera arautzeko araudi berria EH Bilduren ekimenez sustatua izan dela aipatu dute. Bide beretik, herritarren parte-hartzea ahalbidetuko duen araudia mahaigainean jarri du koalizioak legealdi honetan: "urtearen hasieran lortu genuen oposizioak udal araudi organikoa sortzearen aldeko botoa ematea, hau da, gu gutxiesteari uzteko, argi eta garbi jasotzea udalaren barne-funtzionamendua eta, era berean, herritarren parte-hartzea" azaldu dute bozeramaileek.
Udal arloak
Euskara eta berdintasun arloak batzeko proposamenaren aurka azaldu da EH Bildu. Talde politikoaren aburuz, bi arlo horiek funtsezkoak eta lehentasunezkoak dira, eta lanadli osoan jardungo duten langile propioak beharrezko direla nabarmendu dute.
Bañueta kiroldegia zuzenean kudeatzea eskatu dute diru publikoaren "xahutzea" ekiditeko. Garraio arloan ere beste eredu baten beharra aldarrikatu du EH Bilduk "garraio pribatuaren benetako alternatiba izango den kalitatezko trenbide-zerbitzu iraunkor baten bidez".
Udalerriko instalazioei ahalik eta etekin handiena ateratzeko ekipamendu-plana diseinatu duela azaldu du udal taldeak, kultura eta kirol eragileekin egindako bileretatik ateratako ondorioak bilduta. "Hurrengo bi urteetan ildo horri eutsiko diogu. Herritarren interesak defendatzen jarraituko dugu. Konpromiso hori hartzen dugu, berriro ere, 2019an egin genuen bezala Amurrio berdea, morea, gorria eta euskalduna lortzeko", nabarmendu dute EH Bilduko ordezkariek.