Abiada bizian hasi du Izaskun Bengoa amurrioarrak ipar-martxako Espainiako kopa. Iragan igandean -uztailak 4- kopako lehenengo lasterketa jokatu zen Gasteizen.
Kirolariek 14 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten Olarizuko parkean barrena. Bengoaren garaipenak lider jarri du kopako sailkapen nagusian.
Behin baino gehiagotan igo behar izan zen Izaskun Bengoa igandean Gasteizko podiumaren postu gorenera, izan ere, Arabako eta Euskadiko txapelak ere irabazi zituen. Hain zuzen ere, Euskal Mendizale Federazioak bere barruan jaso du aurten ipar-martxa lehendabiziko aldiz, eta bultzada handia ari da jasotzen. "Igandekoa Euskadiko Txapelketaren lehenengo edizioa izan zen, hori aurrerapauso handia da kirolarentzat" adierazi du Izaskun Bengoak
Bengoak Espainiako Kopako beste hiru froga ditu aurretik: Azagran, Valladoliden eta Sevillan. Horretaz gain beste lau lasterketetan parte-hartzea aurreikusi du urtea amaitu aurretik, horietako bat da urriaren 24an jokatuko den Kluben Txapelketa.
"Oso motibatuta nago aurrean ditudan erronkei heltzeko" adierazi du kirolariak, "entrenatzea eta teknika hobetzea dagokit, lasterketaz lasterketa nire maila igotzen joateko".
Denboraldiak luze joko duen arren, lorpen ugari lortu ditu dagoeneko Izaskun Bengoak. Ekainaren 6an Espainiako txapeldunorde izan zen, Coruñan jokatutako Ipar-martxaren Espainiako Txapelketan