Tubacexeko langileak izan dira Amurrioko jai-herrikoien txupinazoa jaurtitzeko ardura izan dutenak. Jai herrikoien aldeko batzordeak galdeketa irekia antolatu zuen sare sozialen bidez aurtengo jaien edizio bereziko txupinero eta pregoilaria nor izan behar zen ebazteko.
Tubacexeko langileek lortu zuten bozka gehien eta eurena izan da jai herrikoien egitarauari hasiera ematearen erantzukizuna. Oholtza gainean, ordea, ez dira bakarrik egon, Zabaleko eta Mendiko eskoletako ordezkariak eta SOS Ostalaritza plataformako kideak ere gonbidatu baitituzte.
Egitarau zabala aurretik
Hiru eguneko egitarau oparoa abiatu du Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak lehen suziriaren lehertzearekin batera. Jai-eredu parte-hartzailea bultzatzea helburu, hainbat jarduera egingo dituzte asteburuan zehar, adin guztientzako ekintzak uztartuz. Hemen kontsultatu daiteke egitaraua osorik.