ARGAZKIAK

Prekarietatearen aurkako aldarri bateratua Amurrion

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urr. 18a, 20:14

Aiaraldeko Greba Batzordeak eta Euskal Herriko gehiengo sindikalak protesta ekimena egin dute gaur arratsaldean Amurrion, ostiralean jazotako azken lan heriotza salatzeko. 2021ean Aiaraldean gertatzen den 2. lan-heriotza izan zen, Euskal Herriko 51.a.

Dozenaka lagunek egin dute bat Aiaraldeko Greba Batzordeak eta Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen duten ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deitutako mobilizazioan. Iragan urriaren 15ean Amurrion jazotako lan heriotza salatu dute horrela, eta prekarietatea jarri dute gertakari horren erdigunean.

Ostiralean -urriak 15-, 54 urteko langile bat aldamio batetik erori zen, Amurrioko Goiena kaleko etxebizitza bateko obra batean. Segurtasun mekanismoek huts egin eta bizia galdu zuen bertan.

Hildakoa Amurrioko bizilaguna zen, herriko eraikuntza enpresa txiki bateko langile autonomoa. Urriaren 17an egin zuten hileta udalerriko Santa Maria elizan bertan.

Urteko bigarren lan heriotza

Amurriokoa 2021ean Aiaraldean jazotako bigarren lan heriotza izan zen, eta Euskal Herrian erregistratutako 51.a. Ekainaren 10ean Oiartzungo Transportes Gexako 47 urteko garraiolari bat hil zen Orozkoko gasolindegian gertatutako lan-istripu baten ondorioz. Frantzian kargatutako materiala Asturiasera (Espainia) garraiatzen ari zen langilea, eta geldialdia egin zuen Orozkon. Materiala eusteko mekanismoan harrapaturik zendu zen langilea.

Iaz, aldiz, Aiaraldeko zazpi behargin hil ziren lanean zeudela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide