Langile batek bizia galdu du gaur goizean Amurrioko etxebizitza bateko obretan. 54 urteko behargina aldamio batetik erori eta bizia galdu du. 10:30ean jazo da ezbeharra. Larrialdi-zerbitzuak bertaratu dira baina ezin izan dute langilearen bizia salbatu. Osalanek ikerketa abiatu du heriotzaren nondik norakoak argitzeko.
Amurriokoa zen hildako langilea eta bihar izango da bere hileta Santa Maria elizan 17:30ean.
Mobilizazioak
Aiaraldeko Greba Batzordea Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen duten ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera mobilizatuko da astelehenean -urriak 18-. Arratsaldeko 18:30etan Amurrioko Juan de Urrutia plazatik abiatuko dute protesta ekimena "prekarietatea hiltzailea" lelopean.
PREKARIETATEA HILTZAILEA!
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) October 15, 2021
Un trabajador ha muerto en un accidente laboral en Amurrio tras caer de un andamio.
2021ean Aiaraldean jasotzen den bigarren lan-heriotza!
MOBILIZAZIOA:
Urriak 18, astelehena
18:30
Amurrioko plaza
NAZKATUTA GAUDE! pic.twitter.com/pvXnFJRrhU
LAB sindikatuak oharra plazaratu du bere aldetik azken lan heriotzak salatzen. Izan ere, gaur bertan bigarren langile bat hil egin da Urnietako (Gipuzkoa) obra batzuetan lanean ari zela. Sindikatu abertzaleak lan-heriotzen aztean oinarrizko arrazoiak daudela salatu du, eta hauek ezabatzeko neurriak hartzea exijitu die patronalari eta erakunde publikoei.
Astelehenean greba batzordearekin eta gehiengo sindikalarekin mobilizatzeko deia egin du LABek: "Patronalak lan-baldintza txarrak inposatzen badizkigu eta administrazio publikoak itsuak, gorrak eta mutuak badira langileen odoluste horren aurrean, LABetik badakigu alternatiba bakarra mobilizazio sindikala eta soziala dela. Hori da bidea".
Urteko bigarren lan heriotza
Amurriokoa 2021ean Aiaraldean jazotako bigarren lan heriotza da, eta Euskal Herrian erregistratutako 50.a. Ekainaren 10ean Oiartzungo Transportes Gexako 47 urteko garraiolari bat hil zen Orozkoko gasolindegian gertatutako lan-istripu baten ondorioz. Frantzian kargatutako materiala Asturiasera garraiatzen ari zen langilea, eta geldialdia egin zuen Orozkon. Materiala eusteko mekanismoan harrapaturik zendu zen langilea.
Iaz, aldiz, Aiaraldeko zazpi behargin hil ziren lanean zeudela. Otsaila hasieran Laudioko 40 urteko bizilagun batek galdu zuen bizia Galdakaoko GHI Hornos Industriales enpresan eta hilabete horren bukaeran gazte senegaldar bat hil zen Murgako Zorroza Gestión de Residuos enpresan.
Zorroza Gestión de Residuos enpresaren kasua bereziki esanguratsua izan zen, heriotzak enpresaren barruko hainbat praktika ilun azaleratu zituelako. LAB sindikatuaren arabera, jabeak gorpua mugitzea agindu zuen, behargina oraindik bizirik zegoenean.
Apirilaren 16an, konfinamendu betean, Laudioko beste bizilagun batek bere lanpostuan galdu zuen bizia, kasu honetan Arrigorriagako Talleres Berastegui enpresan.
Maiatzaren 5ean Laudioko Forestales Frías enpresarentzat baso lanetan ari zen behargin bati pinu bat erori zitzaion gainean, Luiaondon. Urrian, aldiz, Delikako txakolindegian erorketa pairatu zuen langile bat zendu zen.
Abenduan bi lan heriotza jaso ziren, Saratxoko saihesbideko obretan lehena eta Aianox enpresan bigarrena.