Oiartzungo Transportes Gexako 47 urteko garraiolari bat hil da atzo Orozkoko gasolindegian gertatutako lan-istripu baten ondorioz. Arratsaldeko zazpietan gertatu zen ezbeharra, eta langilea larriki zauriturik eraman zuten ospitalera. Bertan zendu da gaur goizean.
Osalanetik adierazi dutenez, dimentsio handiko beira piezak eusteko egituraren barruan harrapatuta geratu zen. Lankide batek aurkitu zuen zauritutako gizonezkoa. Hasieran Laudioko Guardian lantegiko materiala garraiatzen zuela zabaldu bada ere, Gexa enpresak berak ezeztatu du informazioa. Frantzian kargatutako materiala Asturiasera garraiatzen ari zen langilea, eta geldialdia egin zuen Orozkon.
Guardianeko Enpresa Batzordearen oharra
Hala eta guztiz ere, Guardianeko Enpresa Batzordeak oharra plazaratu du gertatutakoa salatzeko. "Ahal bezain beste informazio biltzen ari gara. Izan ere, kamioian zioan materiala Guardianekoa ez zen arren, Gexarena da lantegiko ohiko garraio zerbitzua", azaldu dute langileen ordezkariek. Euren hitzetan, Gexako garraiolariak aski ezagunak dira Guardianen, "eta baita euren lan-baldintzak ere".
Batzordeko kideek gogorarazi dute duela urte terdi antzeko gertakari bat jazo zela fabrikaren barruan baina, zorionez, "susto" bat baino ez zela izan. Era berean, Guardianeko segurtasun departamentua "desagertu" dela salatu dute, produkzioari mesede egiten diola dirudielako, "langileen segurtasunaren kaltetan".
Garraiolariek bizi duten prekarietatea ere jarri dute mahai gainean: "lan kargak jasanezinak dira eta lan-egunak amaigabeak. Hitzarmen sektoriala eta prebentzio araudiak urratzen dira, eta zuzendaritzak beste alde batera begiratzen du sistematikoki".
Gauzak hala, "prebentzioa eta bizitza" lehenesteko beharra jarri du komiteak mahai gainean, eta lan istripuen aurka "antolatu eta borrokatzeko" deia luzatu die langileei.
Guardianeko Enpresa Batzordeak salatu du duela urte eta erdi antzeko gerkatari bat jazo zela lantegi barruan, baina "susto" bat baino ez zela iza
LABen oharra
LABek ere oharra argitaratu du gertatutakoa salatzeko. Sindikatuak nabarmendu du kamioilarien heriotzak ez direla estatistika ofizialetan sartzen, trafiko istriputzat hartzen direlako. "Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman
prekaritatea eta desarautze basatia agerian uzten dituela", nabarmendu dute oharrean, "gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da. Izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar dituzte".
Horrez gain, LABek salatu duenez, kamilioiariak askotan derrigortzen dituzte kargak euren kabuz jarri eta kentzera. "Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain".
Gauzak hala, kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egitea eskatu dio LABek Eusko Jaurlaritzari. "Politikak aldatzeko garaia da, baditugu alternatibak, borondate politikoa bakarrik falta da".
11 kamioilari hil ziren iaz
2020an 77 lan-heriotza jazo ziren Euskal Herrian, eta garraiolariena izan zen gehien kolpatutako sektoreetako bat. Gutxienez 11 izan ziren zendutako kamioilariak. Izan ere, lan karga handiei, lan ordu luzeei eta erregularizazio faltari aurre egin behar diote, besteak beste, sektore honetako beharginek.
Zazpi lan heriotza iaz
2021an Aiaraldean erregistratutako lehen lan heriotza izan da Orozkokoa, Euskal Herrian zenbatzen den hogeita seigarrena. Iaz, aldiz, Aiaraldeko hainbat behargin hil ziren lanean zeudela.
Otsaila hasieran Laudioko 40 urteko bizilagun batek galdu zuen bizia Galdakaoko GHI Hornos Industriales enpresan eta hilabete horren bukaeran gazte senegaldar bat hil zen Murgako Zorroza Gestión de Residuos enpresan.
Zorroza Gestión de Residuos enpresaren kasua bereziki esanguratsua izan zen, heriotzak enpresaren barruko hainbat praktika ilun azaleratu zituelako. LAB sindikatuaren arabera, jabeak gorpua mugitzea agindu zuen, behargina oraindik bizirik zegoenean.
Apirilaren 16an, konfinamendu betean, Laudioko beste bizilagun batek bere lanpostuan galdu zuen bizia, kasu honetan Arrigorriagako Talleres Berastegui enpresan.
Maiatzaren 5ean Laudioko Forestales Frías enpresarentzat baso lanetan ari zen behargin bati pinu bat erori zitzaion gainean, Luiaondon. Urrian, aldiz, Delikako txakolindegian erorketa pairatu zuen langile bat zendu zen.
Abenduan bi lan heriotza jaso ziren, Saratxoko saihesbideko obretan lehena eta Aianox enpresan bigarrena.