Eskualdean gertatutako bi eraso matxistaren berri eman du Amurrioko Otsemeak Neska* Gazte Taldeak. Erasoa jasan duten neskek 2021eko urrian abian jarritako 'Entzun gaitzatela!' salaketa tresna baliatu dute gertaeren berri emateko.
Lehen kasua harreman sexualak izatera behartua izan zen 17 urteko neska gazte batena da: "Orain oso txarto sentitzen naiz nire buruarekin, eta ezin dut burutik kendu". Erasotzailea 16 eta 30 urte bitarteko gizonezko bat zela adierazi du Amurrioko talde feministak.
Erasoa Gazela diskotekan
Aditzera emandako bigarren erasoa Laudioko Gazela diskotekan gertatu zela jakinarazi du Otsemeakek. 21 urteko neska gazte batek jasan zuen erasoa bertan: 31 urtetik gorako zerbitzari batek besotik estu heldu eta musukatzera behartu nahi izan zuen neska gaztea:
... Eta Aldi berean besotik fuerte harrapatu ninduen. Ni berriro baietz esan nion eta musu bat emateko esan zidan, shokean gelditu nintzen eta zerbait ezan nion tipo "ke dices" eta berak erantzunda "que me comas la boca" eta berriro shokean gelditu nintzen... pic.twitter.com/lkMPQt4YbC
— OTSEMEAK! (@Otsemeak) February 25, 2022
Gazelako zuzendaritza taldea Aiaraldea Komunikabidearekin jarri da harremanetan: gertaera deitoratu eta neurriak hartuko dituztela jakinarazi dute.
Hamar eraso azken hilabetetan
2021eko udazkenean jarri zuten abian 'Entzun gaitzatela' galdetegia, neska gazteen artean areagotzen ari ziren eraso matxistak salatzeko tresna anonimo bat eskura jartzeko helburuarekin. Honez gero, 10 dira jaso dituzten salaketak, baina Otsemeakeko kideek argi dute askoz gehiago direla salatu gabe geratzen diren gertaerak.
Galdetegiak erasoa jasan dutenen testigantzak jaso eta erdigunean jartzea du helburu, erantzun publikoa emateko helburuarekin: "Salaketa egiten duen neska* gaztearen egia da balio duena. Askotan epaitua izateko beldurra dago salaketa bat ez egitearen atzean. Egia hori zalantzan jarriko ez denaren ziurtasuna eman nahi dugu baliabide honekin”.
Orain arteko kasuetan, erasoak salatu dituztenak 17 eta 24 urte bitarteko neskak izan dira. Erasotzaileen gehiengoa, ordea, 25 urtetik gorako gizonak izan dira, eta %28,6k 30 urte baino gehiago zuten. Otsemeakek bildutako datuen arabera, kasu guztietan erasotzaile bakarra izan da, kasu batean izan ezik, non bi izan ziren.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!