Dominikar Errepublikako futbol selekzioko hautatzaile izendatu dute Iñaki Bea

Aitor Aspuru Saez 2022ko ots. 26a, 07:00

Iñaki Bea Dominikar Errepublikara joango da hurrengo astean./ Aiaraldea.eus

Amurrioarrak futbol profesionalera itzuliko da, azken hilabeteetan atsedenahartu eta gero. Beak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari erronka handia dela, herrialdeko futbola profesionalizatzea baitu helburu.

Iñaki Bea hurrengo astean joango da Dominikar Errepublikara hango futbol selekzioaren ardura hartzeko. Printzipioz, bi urtez hautatzailea izango da, baina bere betebeharrak zabalagoak izango dira. "Gogorra izango da, hango futbol eredua profesionalizatu behar baitut, entrenamenduen metodologiatik hasita", azaldu du amurrioarrak.

Abentura horretan sartuta zegoela, Laliga Smartbank-en aritzen den klub baten eskaintza heldu zitzaion, CD Mirandésena, hain zuzen. Hala ere, jokalari ohiak konpromisoa hartu zuen Dominikar Errepublikako federazioarekin, eta eutsi egin dio bere hitzari. 

Nazioen Liga

Beak aurten bertan izango du erronka zuzena. Izan ere, ekainean Nazioen Ligako 4 partIda jokatuko ditu Dominikar Errepublikak eta bere multzoko lehenengo postua lortuz gero, Urrezko Koparako sailkatuko lirateke. Aintzat hartu beharra dago herrialde hori selekzioen 2. mailan dagoela.

Iñaki Beak CD Mirandes futbol taldeko eskaintzari egin dio uko Dominikar Errepublikako hautatzaile izateko

Horregatik, Iñaki Beak ezarri dituen xedeen artean dago Europan aritzen diren jokalari dominikarrak selekzioaren deia onartzea: "Batzuekin ez dut ezta saiakera egingo, badakidalako ezezkoa emango dutela. Adibidez, Mariano edo Junior Firporekin. Ordea, Tano edo Quezadarekin hitz egiteko asmoa daukat".

Merkatu berriak jokalarientzat

Amurrioarraren buruan dago kirol esparruan eragitea absolutuak ez diren selekzioetan ere, eta futbolarien ikuspegia aldatzea. "Nire erreferente bat da Curaçao. Herrialde hori Herbereetako kolonia izan zen. Orain Patrick Kluivert da bere entrenatzailea eta lortu egin du Holandan bizi diren jokalariek selekziora batzea. Futbolari horiek badakite Holandak ez dituela deituko, baina baliatzen dute aukera ezagutzera emateko. Horrek ireki dizkie ateak MLS -Estatu Batuetan- edo Mexikon jokatzeko. Antzeko eredua izan dute Costa Rican", aipatu du Beak.

Futbolaren ospea handitzea eta jokalarien ibilbidea profesionalizatzea dauka buruan amurrioarrak, besteak beste

Horretarako, entrenatzaileak uste du kirolean ez ezik, beste esparrutan ere eragin beharko duela, eta futbol ordezkariekin elkarlanean arituko da, Europako kluben interesa sortzeko.

Kirola indartu

Amurrioarrak duen beste helburuetako bat da futbola sustatzea Dominikar Errepublikan: "Beisbola da kirol famatuena han, baina futbola hasi da jarraitzaileak irabazten. Esaterako, emakumezkoen selekzioa oso ona da eta Munduko Kopa irabazi dezake. Nire asmoa da euren entrenamenduetara ere joatea, ikus dadin kirol bera dela, eta elkar babestu behar dugula".

Etenaldiaren amaiera

Jose Luis Mendilibarren bigarren entrenatzailea izan ostean, Iñaki Beak 2021ean hasi zuen bere ibilbidea bakarka, eta Futbolari Espainiarren Federazioak lana eman zion azaroan. Atsedena hartu eta gero,  gogotsu dagoela futbol profesionalera itzultzeko azpimarratu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide