Hizkuntza gutxitu baten aldeko mundu mailako ekimenik handienaren edizio berria Amurriotik abiatuko da, datorren martxoaren 31an, osteguna. Gutxika, ari dira iragartzen egun horretan Amurrion egongo diren ekintzak. Izan ere, AEK-k egun osoko egitaraua prestatu du Korrikaren hasiera girotzeko.
Oraindik egitaraua publiko egin ez duten arren, goizetik iluntzera arte egongo dira ekintzak Amurrioko kaleetan barrena. Besteak beste, txarangak, kale animazioa, azoka eta era guztietako ikuskizunak iragarri dituzte.
Lehenengo urratsak
Arratsaldeko 16:00retan egingo dute Korrika hasieraren ekitaldi nagusia, Amurrioko Juan Urrutia plazan bertan. Bi aste geroago Donostian irakurriko den mezua lekukoan sartu, eta 16:30etan abiatuko dute Korrikaren 22. edizioa. Lehenengo kilometroak herrian zehar egingo dituzte, eta jarraian Aiara eta Artziniegara zuzenduko ditu urratsak euskararen aldeko ekimenak.
Kontzertuak Amurrion
Martxoaren 31an Amurrion egongo den musika eskaintza da, honezkero iragarri duten kontuetako bat. Gozategi eta Dupla taldeak arituko dira eguna oholtza gainetik girotzen, Aiaraldeko Izate Faltsua taldearekin batera.