Larunbatean -martxoaren 12an- izan zen Pariseko Korrika. Euskal Etxeak antolatuta, egun osoko egitaraua prestatu zuten frantziar hirian euskal hizkuntzari aitortza eta bultzada emateko. Lorea Ibañez amurrioarra aritu zen, besteak beste, antolakuntza lanetan. "Oso pozik geratu gara partaide kopuruarekin, 50-60 lagun inguru egon ginen guztira euskararen alde Korrika", adierazi dio Aiaraldea komunikabideari.
"Oso pozik gaude izandako harrerarekin. Geroz eta jende gehiagok aldarrikatzen du Parisen euskaraz bizitzeko aukera"
Momentu berezi ugari bizi izan zituzten, aitortu duenez: "Prefekturarekin istiluak izan genituen, jendea furgonetaren atzetik joateko baimena ez ziguten eman, eta ondorioz momentu batzutean gure autoa errepidetik joan zen, eta jendea espaloitik". Hala ere, oso positiboki baloratu dute ekimena: "Oso pozik gaude izandako harrerarekin. Geroz eta jende gehiagok aldarrikatzen du Parisen euskaraz bizitzeko aukera".
Eguraldia lagun izan zuten Ibañezen esanetan, ez baitzuen euririk egin. Hala, Pariseko erdigunetik zabaldu zituzten AEK-ren eta euskararen aldeko mezuak. Korrikari amaiera emateko, berriz, lekukoaren mezua irakurri zuten, "batez ere ikasleek euskaraz biz inahi dutela Parisen ere aldarrikatzeko, euskara hizkuntza ofiziala izateko Frantzian ere". Korrikaren ondotik, sagardotegi eta kontzertu planari heldu zioten, "goizeko 5.00ak arte kontzertuak egon ziren, beraz, oso pozik gaude egunarekin eta Korrikarekin".