PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTS

"Oso berezi biziko dugu Korrika, bihotza ahotik aterako zaigu. Emozioen eztanda izango da: 35 urteko bidea etorriko zaigu burura"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mar. 28a, 14:54

Pirritx, Porrotx eta Marimototsi omenaldia egin zion KORRIKAk urte hasieran. / AEK

Euskararen transmisioan eginiko lanagatik omendu ditu 22. Korrikak PIRRITX (Aiora Zulaika Soroa), PORROTX (Jose Mari Agirretxe Kerexeta) eta MARIMOTOTS (Mertxe Rodrigez Serrano). Korrika eta euskara zenbateraino diren altxor azaldu dute.

Nola iritsi dira honaino Pirritx, Porrotx eta Marimotots?

Lasartearrak gara gu, baina bakoitzaren istorioa desberdina da. Mertxe Extremaduratik Euskal Herrira etorritako familiaren parte da, Jose Mariren familia Erreziletik Lasartera joan zen bizitzera, eta Aiora lasartearra izan da beti. Gure gurasoek Michelin fabrikan egiten zuten lan, eta gurpil horrek batu gintuen; sudur gorriak, gaur arte. 

22. Korrikak omenduko zaituzte. Nola jaso zenuten berria?

Duela urtebete esan ziguten, eta izugarria izan da. Nork esango zigun guri duela 35 urte, bide honetan hasi ginenean; edo duela 40 urte inguru AEKn ikasten hasi ginenean, gerora AEK-k omenduko gintuela? 35 urtez egindakoagatik omendu gaituzte, baina Euskal Herrian guk bezala pertsona eta eragile askok merezi dute omenaldia. Gu ekosistema honen parte gara, baina omenaldi hau denona dela sentitzen dugu. 

Euskara altxorra da -baina ez lurpean gordetakoa- ahoan duguna baizik; musua bezala, eman, jaso eta partekatzekoa

1987an hasi ginen pailazogintzan, Lasarteko gehienek A ereduan ikasten baitzuten (ez zuten euskararik ia eskolan, etxean eta kalean). Horregatik jaio ginen gu: haur eta familientzat euskaraz eta alaitasunez eskaintza egiteko; hargatik jarri genuen sudur gorria. Berehala ohartu ginen umeentzat erreferente ginela; gure abestiak segituan barneratzen zituztelako. Eta, horrela gehitu genion proiektuari hirugarren zutabea: balioena (bioaniztasuna, naturaren balorea, munduari egiten diogun mina, nola zaindu natura gure burua zaindu nahi badugu, hezkidetza, askatasuna, berdintasuna, botere harremanak...). Koloretako mundua amesten dugu, Euskal Herritik sortua (horregatik landu ditugu denetariko gaiak: minbizia, heriotza, natura, expropiazioa, itsasoa plastikoz betea dagoela... gaitegiak ez du mugarik).  

Korrikako omenaldiak atzera eta aurrera begira jartzen gaitu: ez da kanpaina bat, bizimodu bat da, eta gu zoriontsuak gara euskaraz bizi garelako Euskal Herriko komunitate honetan. Txikiak izanik ere, bakarka eta taldeka, eragiteko sekulako gaitasuna dugu. Horregatik izan da guretzat beti garrantzitsua elkarlana, eta horrek asko aberastu gaitu. Halakotan zoriontsu sentitzen gara, arrainak uretan bezala. Horrek ematen dio zentzua gure lanari: txikiak gara, inurriak, baina elkarrekin oso indartsuak. 

Zer da zuentzat Korrika?

Mundua izan daitekeenaren neurria ematen digun itsasargia da Korrika guretzat. Korrikak garenaren dimentsioa ematen digu: oso txikiak gara, baina oso inportanteak. Korrika gisako ekimenik ez dago munduan: herri oso bat, eskuz esku lekukoa pasatzen, denak irribarretsu, kantari, urduri, saltoka... Hori non gertatzen da munduan? 

Mundua izan daitekeenaren neurria ematen digun itsasargia da guretzat Korrika: garenaren dimentsioa ematen du; oso txikiak gara, baina elkarrekin oso indartsuak

Disko osoa eskaini zenioten Korrikari 2017. urtean, ikuskizuna barne.

Korrikarekin eta barneko istorioekin film luzea egin daiteke: denok ditugu begietako eta bihotzetako erretinetan iltzatuta Korrikako bizipenak. Korrikak asko eman digu, eta  guk ere gure sentimenduak, aldarriak eta ekintzak eman dizkiogu; aurtengo leloak dioen bezala ‘Hitzekin’.

Nola biziko duzue aurtengo Korrika?

Oso berezi. Urtero hartu izan dugu Lasarte-Orian kilometroa; gure herriko haur eta sudur gorriekin. Taupada oso berezia izan da beti Korrikan parte hartzea. Aurten 7:30ean pasako da gure herritik, eta bihotza ahotik aterako zaigu: irrintzi, kantu eta salto egingo dugu! Momentu hori partekatzea lekukoa eramango duten beste eragile guztiekin magikoa izango da. Urteak daramatzagu tximeleta horiek sabelean sentitzen. Ez gaude Korrika noiz hasiko zain, dagoeneko bizi dugu zirrara. Emozioen eztanda izango da,  35 urteko bizipenak etorriko zaizkigu burura. 

AEK-k asko eman dizuela diozue.

Pirritxek euskaraz egin zituen ikasketa guztiak, Porrotxek txikitan gazteleraz ikasi zuen, eta gaztetan AEK-n eman zuen izena alfabetatzeko (euskara etxean jaso arren kale jardueran gaztelera zelako nagusi... baina unibertsitate ikasketak euskaraz egitea hautatu  zuen), eta Marimok 20 urte pasata erabaki zuen euskaltegi eta barnetegi bidez euskara hutsetik ikastea (gaztaroa erdaraz eman ondoren euskararen mundua deskubritu zuen; euskaraz amesten hasi zen arte). Hortaz, guri AEK-k asko eman digu: AEK-rekin ikasi dugu euskara Porrotxek eta Marimototsek, eta bizimodua, afizioa, ofizioa eta bizitza eman dizkigu; ezagutzen ditugun lagun guztiak; kultur erreferentziak; kokapen bat munduan... Dena eman digu euskarak, horregatik gaude eskertuta euskalgintzari eta AEK-ri. 

Zuen esku balego, zer mezu luke lekukoak?

2009. urteko Korrikako mezuan, euskara altxorra zela genioen, baina ez uhartean lurpean gordetakoa. Gure ahoan duguna da, musua bezala eman, jaso eta partekatzekoa. Bakoitzak gure koloretik denon artean ostadarra osatu behar dugu, euskaratik eta euskaraz; bizi dugun mundu itsusi honi alternatiba eskaini behar diogu egunerokotasunetik eta euskaratik, balioetan oinarrituta.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide