Euri jasak ez du Korrika kikildu, eta 16:30ean puntuan Amurrioko Juan Urrutia plazan eman du lehen pausoa hizkuntza baten alde mundu mailan egiten den egitasmorik handienak. Irrifarrea aurpegian eta emozioz gainezka, Amurrioko AEK-ko sei irakasleek izan dute lehenengo kilometroan lekukoan gordetako mezua eskuetan eramateko ardura, eta bide bazterrean txalo artean jaso dituzte Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako milaka lagunek.
Eskuz esku igaro da lekukoa Amurrion egindako 14 kilometroetan barrena: SOS Aiaraldea, Amurrioko gazte mugimendua, herriko ikastetxe desberdinak, udal-taldeak, kultur eta kirol eragileak... Guztiek jarri dute alea, apirilaren 10ean Donostian bukatuko den bide luzean.
Argazkiak: Aimar Gutierrez eta AEK