SOS AIARALDEA

"Hilabeteak daramatzagu zaintza sektoreko langileen artean ere elkartasuna eta sareak sortzen"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko eka. 2a, 08:53

Martxoaren 5ean Amurrion emakumeen lan prekarizatua izan zuten hizpide ere. / Aiaraldea.eus

Ekainaren 18an 'Emakume izateagatik prekarizatuak' jardunaldia antolatuko dute 11:00etatik 14:00ak arte, 'SOS Aiaraldea' lemapean. Sektore anitzetako egoerak, aldarriak eta erronkak izango dituzte hizpide Amurrion.

SOS Aiaraldea eragileak ekintza berria iragarri du sare sozialetan: emakume prekarizatuen egoera eramango dute lehen lerrora. "Hilabete luzeak daramatzagu aiaraldean langile elkartasun sareak eraikitzen, baita zaintza sektorean lan egiten duten emakume ezberdinen artean ere", adierazi dute. Ekainaren 18ko jardunaldirako egitaraua prestatzen ari dira, baina dagoeneko lehen zirrikituak ireki dituzte: sektoreka lantaldeak osatuko dituzte lehenbizi, eta 12:30ean mahaingurua eskainiko dute. Topaketa 11:00etan hasiko dute.

Ekainaren 18an goiz osoko jardunaldia antolatuko dute Amurrion sektore desberdinetako emakume beharginekin.  Herritar orori luzatu diete parte hartzeko deia, ordea: "Zaintza krisiaren erronkei erantzutea jendarte osoaren ardura da"

"Sistema kapitalista heteropatriarkal kolonialistak emakumeoi* esleitu digun zaintzaile papera kuestionatzeko eta era berean, zaintza lanen demokratizazioa aldarrikatzeko bilduko gara", erantsi dute.

Amurrioko kaleak aukeratu dituzte jarduera jendarteratzeko, baina langileei ez ezik, herritarrei ere egin nahi diete dei, "zaintza krisiaren erronkei erantzutea jendarte osoaren ardura delako".

Aurreratu dutenez, erresidentzietako langileak, jangeletakoak, garbiketa zerbitzuetakoak eta beste elkartuko dituzte. "Kanpoko jendea ere etorri daiteke, nahi duen lantaldera sartuta (hori bai, lehentasunez bertako langileek parte hartzea ahalbidetuko dugu)". Zentzu horretan, solasaldiaren bidez, sektore feminizatuetako "muturreko prekarietatearekin amaitzeko" neurri zehatzak eta konpromisoak izango dituzte eztabaidagai, eta egoera estrukturalaz, lehentasun edo neurriz ere mintzatuko dira, azaldu dutenez.

Martxoaren 5ean, Mugimendu Feministak antzerako ekimen bat burutu zuen Amurrioko plazan, prekarietateari batasunez eta feminismotik erantzuteko planteamendua jendarteratzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide