ARGAZKI KRONIKA

Sorginen historiaren garrek piztu dute Otsemeakek deitutako Akelarrea

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko uzt. 2a, 10:54

Atzo gauean egin zuten Akelarrea Amurrioko parkean. Otsemeak talde feministak antolatu zuen, herriko emakumeekin batera.

Udako solstizio gauean egitekoak ziren Akelarrea baina, eguraldi txarragatik, uztailaren 1era atzeratzea erabaki zuten. Hala ere, jendeak ez zuen hutsik egin, eta 22:30ean borobil erraldoi baten bueltan zeuden atzo gauean amurrioarrak, Akelarrea noiz hasiko zain.

Sorginak erretzeko ohitura, urteetan zehar emakumeek jasandako zapalkuntzak zein gaur egungo erasoak izan zituzten hizpide, antzerki, dantza eta historia pasarte artean. 

Sorginak erretzeko ohitura, urteetan zehar emakumeek jasandako zapalkuntzak zein gaur egungo erasoak izan zituzten hizpide, antzerki, dantza eta historia pasarte artean

Hainbat belaunalditako emakumeen arteko solasaldi batek gidatu zuen saioa, menderik mende gaur arte eginiko ibilbideari gorazarre eginez. Inkisizio garaiak ere antzeztu zituzten, zinta-dantza kutsuarekin, bi sorgin makilean lotuta. Alabaina, elkarren artean askatu eta dantza egitea lortu zuten Amurrioko sorgin guztiek atzo. Horrez gain, estilo anitzetako doinuekin gorpuztu zuten ikuskizuna. Amaieran, ikus-entzuleak erdigunera atera zituzten, eta jende ugari animatu zen, akelarreetan bezala, suaren bueltan dantza egitera.

Amurrioko sorginaren pasartea ere ekarri zuten gogora, besteak beste. Izan ere, 2017. urtean Otsemeak talde feministak ekainaren 24an erretzekoak ziren sorgina bahitu zuen, eta horrek sekulako zalaparta sortu zuen herrian. Geroztik, ordea, ez da sorginik erretzen herriko jaietan. Garaiak aldatzen direnaren seinale, emakumeen borroka eta ezagutzek eginiko ekarpenak azpimarratu zituzten narrazio osoan zehar.

Urteak daramatza Otsemeak talde feministak Akelarrea antolatzen. Auzolanean prestatzen dute ikuskizuna, eta aurten ere makina bat lagun aritu dira ekitaldia osatzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide