Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak agerraldia egin zuen ekainaren amaieran Amurrioko faktorian, akziodunen batzarra baino lehen. Francisco Irazusta presidenteak eta Carlos Lopez de las Heras zuzendari nagusiak azaldu zuten baikorrak direla konpainiaren etorkizunari dagokionez, eta zenbait datu plazaratu zituzten iragarpen hori babesteko.
Hasteko, 2022an, maiatzera arte, Tubos Reunidosek 220 milioi euroko salmentak egin ditu, hau da, iazkoen %125. Gainera, eskaeren zorroan 230 milioi euroko kontratuak ditu.
Horiek guztiak hurrengo hiru edo lau hilabeteetan bukatu behar dituzte. Izan ere, inflazioaren eta lehengaien prezioen gorakaden ondorioz, enpresak ez ditu epe luzerako eskariak onartzen, dirua galtzeko arriskua ez izateko.
Tubos Reunidosek 230 milioi euroko eskaerak ditu hurrengo hiru edo lau hilabeteetarako. Gainera, hainbat eskari ez ditu onartu, inflazioaren eta lehengaien prezio aldakorren ondorioz
Egungo eskarien zorroaren kopurua adierazgarria da, 2020an 70 milioi eurokoa baitzen eta 2021ean 147 milioi eurokoa. Halaber, aintzat hartu beharra dago konpainiak 112 milioi euroko mailegua jaso zuela SEPI erakundearen partetik.
Amurrion aldaketa nabariak laster
Tubos Reunidosek 2026rako plan estrategikoa abiatu zuen eta bere eraginak laster islatuko dira modu erradikalean Amurrion. Berez, enpresak itxi egin ditu Nafarroan eta Trapagan zituen instalazioak eta Bizkaian eta Araban altzairutegi bana izan ordez, Amurrion egongo da bakarra.
Plan berriaren barruan, 60 milioi euroren inbertsioa aurreikusten du Tubos Reunidosek, baina, hasteko, atzeratuko dela aipatu zuten prentsa agerraldian.
Trapagako 80 langile Amurriora, 60 behargin kaleratuta
Inbertsioen helburuetako bat da abenduan altzairutegi berria abian egotea Amurrion. Horretan hodi luzeagoak eta zabalagoak ekoiztea aurreikusi dute, trantsizio energetikoaren merkaturako egokiagoak, euren ustez.
Amurrion egongo den altzairutegi berrian Trapagan itxitako lantegiko beharginak hasiko dira lanean. 80 dira guztira, baina guztiak ez dira egongo instalazio berrietan
Gauzak horrela, aurtengo azken lauhilekoan Trapagako 80 langile Amurrion kokatzea espero dute, baina guztiak ez dira egongo instalazio berrietan.
Bestalde, konpainiako planak aurreikusi zituen adostutako 60 kaleratze ere eta jadanik %82 egikaritu ditu, aurretiko erretiroen edo akordioen bidez.
Lan hitzarmen berria
Igaro diren jardunaldien lan hitzarmena adostu ostean, sindikatuek eta zuzendaritzak negoziatu behar dute hitzarmen berria, 2026ra bitartekoa.