Amurrioko udal langileen hauteskunde sindikalek gehiengoa eman diote LAB sindikatuari enpresa batzorde berrian. Zehazki, erakundeak 29 boza jaso ditu eta hiru ordezkari izango ditu. Batzordean ELA eta ESAN ere egongo dira. ELAk 16 boto eskuratu ditu eta ordezkari bat egokitu zaio, baita ESANi ere, zeinak 15 boza izan dituen.
Aurreko enpresa batzordearekin alderatuta, LABek kide bat gehiago izango du eta ELAk bat gutxiago. Edonola ere, ezuste handiena ESANek ekarri du. Polizia sindikatuak ordezkaria edukiko du, CCOOren tokia hartuta. Aintzat hartu beharra dago CCOOk hauteskunde hauetan ez duela zerrendarik aurkeztu.
Zer da ESAN polizia sindikatua?
Polizia sindikatua da ESAN. Dena den, antolakunde korporatiboa izan arren, Amurrioko Udaleko iturri sindikalek aipatu diote Aiaraldea Komunikabideari udaltzainen hainbat boto jaso ez ezik, beste langileen artean ere bi boza eskuratu dituela sindikatuak.
Antolakunde hori lehenengo aldiz izango du ordezkaritza Amurrion eta Aiaraldeari dagokionez, ezaguna egin zen 2021eko otsailaren 23an (hau da, istiluak egon zirenean Tubacexeko greban) berriro aldarrikatu zuelako Ertzaintzak gomazko pilotak erabiltzeko ahalmena izan behar zuela.
Jarrera hori ez zen berria ESANen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuenean arma horien erabilpena mugatzea Iñigo Cabacasen erailketaren ondorioz, polizia sindikatuak salatu zuen neurria akatsa zela.