Askorentzat Tubacexeko greba mugagabea otsailaren 23an hasi zen, nahiz eta egun horretan Aiaraldeko lantegiek 9 egun bete lanuzte jarraituan. Data horretan agertu zen gatazka hedabide askotan lehenbiziko aldiz, poliziaren eta grebalarien arteko istiluengatik. Segurtasun Sailaren arabera, 16 ertzain zauritu ziren, 3 langile atxilotu zituzten eta, ofizialki daturik eman ez bazen ere, hainbat beharginek ere zauriak eta kolpeak pairatu zituzten:
Egun horrek hainbeste harrotu zituen hautsak, ezen aspaldi entzuten ez zen gaia azaleratu baitzen: polizia eredua. Eta interesgarriena, eztabaida ez zuen inolako talde politiko edo sozialik plazaratu -Iñigo Cabacasen hilketan bezala-, baizik eta Ertzaintzak berak. Kasurik adierazgarriena Esan sindikatuarena izan zen. Polizia-erakunde horrek gomazko piloten erabileraren aldekoa zela aldarrikatu zuen berriro eta adierazi zuen akatsa izan zela arma horiek erabiltzeari uztea Iñigo Cabacasen hilketaren ondoren.
Sindikatuaren jarrera oso argia zen, 1982ko polizia eredura itzultzea. 1982ko gizartean biziko bagina bezala. Edonola ere, zentzu batean, Esanek mahai gainean jarri zuen bistakoa den kontua: Ertzaintzak gomazko pilotak erabiltzeari utzi dio, baina ez du eredua aldatu. Eta hori ez da Ertzaintzak aldatu ez duen gauza bakarra.
Gomazko pilotak, indarkeria gehien bitarteko gutxienekin
Ezaugarri batek definitu badu Ertzaintza bere sorreratik ez da txapela izan -Rodolfo Aresek ezabatu zuen uniformetik Barne Sailburua izan zenean-, eskopeta baizik. Berez, Espainiako polizia autonomiko batek tresna hori erabiltzeko eskumen legalik ez bazuen ere -arma luzeak edukitzeko baimenik ez duelako-, Eusko Jaurlaritzak legeari jaramonik egin gabe hornitu zituen ertzainak horiekin. Printzipioz, ironia dirudi legea defendatu behar duen erakundeak legea urratzea horretarako, baina hala da, ez da egon ministrorik Espainiako Gobernuan eskopeten erabilera baimendu duenik eta 30 urtez Ertzaintzak arma horiek baliatu ditu.
Erabakia ez zen azalekoa izan, Ertzaintzaren eredua, neurri handi batean, eskopetaren -subfusila- gainean eraiki baita. Iñigo Cabacasen heriotza gertatu arte, patruila auto guztiek eraman dute eta euskal gizartean -mobilizazio kopuru handia duena- gertatu diren gatazkei horren bidez erantzun zaie. Mobilizazio eta indarkeria politiko izugarria izan duen gizarte honetan, Polizia Nazionalaren -polizia frankistatik eratorria- eredu bera baliatu zuen Ertzaintzak; agente gutxiren artean jendetzak sakabanatzea, gomazko balez -pilotak- lagunduta, gehienbat.
Ertzaintzaren eredua, neurri handi batean, eskopetaren -subfusila- gainean eraiki da
Iñigo Cabacasena ez zen pilotei lotutako lehen heriotza izan (Rosa Zarra 58 urteko emakumearen kasua susmagarria da; pilotakada bat jaso eta 8 egunera hil baitzen). Baina Athletic Clubeko zalearen hilketak lurrikara eragin zuen gizartean eta Eusko Jaurlaritzak eskopetak eta gomazko pilotak foam materialekin eta jaurtitzaleekin ordezkatu zituen; salbuespenak salbuespen (Brigada Mugikorrak oraindik du baimena gomazko pilotak erabiltzeko).
Hemen, nabarmendu beharra dago foama ere ez dela confettia, eta elementu horren jaurtitzailea, berez, granadak jaurtitzeko arma dela, eginkizun berrira egokituta. Hau da, foama ere ez da txantxak egiteko modukoa.
Hala eta guztiz ere, aldaketa sakon horrek, arma soil batetik harago doana, ez da polizia ereduaren eztabaidarekin batera joan eta, ondorioz, prozedura zaharrekin emaitza berriak eskatu zaizkio Ertzaintzari, ezer aldatu gabe. Alegia, poliziak azken urteetan esperimentatu duen aldaketa nagusiena izan da balizko eraso jihadisten aurkako unitatea sortu dela, imajina daitezkeen arma guztiekin.
Ordea, ez da eztabaidaren erdian egon herritarren mobilizazioen kontrako operazioak nola egin eskopeta barik.
Eredu zaharrak, arazo berriak
Ertzaintzak milaka gomazko pilotak bota baditu, zergatik izan zen Iñigo Cabacasen heriotza dena aldatu zuena? Argi eta garbi, gizarteak adierazi zuelako aspaldiko ereduak ez zirela onargarriak borroka armatua atzean utzi duen lurralde batean. Gogoratu dezagun Ertzaintza 1982ko urriaren 25ean hasi zela ezartzen EAEn eta 1995ko urtarrilean bukatu zela bere Ertzain-etxeen zabalpena Gasteizen.
Hau da, bere sorreran 4 talde armatu zeuden Euskal Herrian (ETA militar, ETA politico-militar, Komando Autonomo Antikapitalistak eta Iraultza). Bere zabalpena amaitu zenean, aldiz, talde armatu gutxiago egonik ere, indarkeria politikoa arrunta zen: sabotajeak, istiluak...
Sabotajeak eta "kale borroka" deiturikoa izan ziren, hain zuzen, Ertzaintzaren kasuan justifikatu zuena polizia orok eskopetak eta gomazko pilotak izatea, indarkeria politikoa handia baitzen EAEn. Aski ezaguna izan zen 90. hamarkadan Jon Ruiz Sagarna ertzainaren kasua: coctel molotov batek gorputzaren %55a erre zion Errenterian.
Europan, adibidez, manifestazioen eta piketeen aurrean jarduteko hainbat molde asmatu dira, herritarrak tirokatu eta kolpatu gabe
Horrek Ertzaintzaren militarizazioa eta isolamendua indartu zituen eta harrezkero ibilgailuak blindatu zituzten. Berez, garai batean blindajeak ez zuen ahalegintzen leihoak jaistea eta, ondorioz, ertzainen eta herritarren komunikazioa megafoniaz baino ezin zen egin. Ikus dezakegu hurbileko polizia ez zela une horretako eredua.
Harrezkero, denbora luzea igaro da eta egungo gizarteak zerikusi gutxi dauka hamarkada horietakoarekin. Dena den, Ertzaintzak ez du trantsiziorik egin. Istiluei dagokienez, eredua ez da aldatu. Borroka armatuaren joerak mantendu dira zentzu askotan, benetako eztabaida gauzatu gabe. Polizia gutxirekin indarkeria handia eragiten duen Ertzaintza dago indarrean, baina, Iñigo Cabacasen hilketaren ostean, poliziak ez du subfusilak hain erraz erabiltzeko betarik, eta gizartea ez da, inondik inora, hain gatazkatsua. Aldi berean, herritarrek ez dute poliziaren indarkeria aspaldi bezala onartzen.
Polizia eredua?
Polizia ereduarena, finean, ez da eztabaida erraza, ezta erosoa ere. Baina Europan, adibidez, manifestazioen eta piketeen aurrean jarduteko hainbat molde asmatu dira, herritarrak tirokatu eta kolpatu gabe. Horretarako, jakina, ez da bakarrik ertzain gehiago bideratu behar esku hartze bakoitzera. Funtsean, Ertzaintzaren kultura ere aldatu beharko litzateke.
Suzko armarik gabeko esku hartzea Alemaniako poliziaren aldetik:
Izan ere, polizian eta, bereziki, Brigada Mugikorrean -'Beltzak' deiturikoak- sortu den kultura ez da batere demokratikoa izan. Tubacexen ikusitakoa horren isla izan da. Azken asteotan informazio eskubidea mugatzeko ahaleginak salatu zituen Aiaraldea.eus-ek, ez bakarrik hedabideari dagokionez, baizik eta, bereziki, herritarrei begira. Praktika hori ez da bat-batean agertu, urte luzeetan egin baita.
Are gehiago, Ertzaintzan borroka armatuaren eta sabotajeen garaiko erretorikak irauten du oinarrizko eskubideak oztopatzeko edo euren indarkeria justifikatzeko. Adibide batzuk izan ditugu azken asteotan. Esaterako, martxoaren 25ean Ertzaintzaren karga batek hamaika zauritu utzi zituen Amurrion, Tubacexeko lantegiaren aurrean. Oldarraldi hori, hain zuzen, operatiboaren ikuspuntutik ez zuen inolako zentzurik, behin zuzendaritzaren autobusa fabrikan sartu eta gero -hau da, helburua lortu ostean- gertatu baitzen. Indarkeria erakustaldiak soilik izan zuen harremana Brigada Mugikorraren etsipenarekin eta amorruarekin, jarrera bat ere profesionala ez dena, alegia (edo izan beharko ez litzatekeena).
Hala eta guztiz ere, hori ez zen nahikoa izan eta arratsaldean tanketa baliatu zuen poliziak zuzendaritzaren autobusari bidea irekitzeko. Irudia guztiz anakronikoa izan ez ezik, Ertzaintzak, nahi gabe, indar okupatzailearen irudia ere eskaini zuen.
"Ciervos"
Poliziaren joera eta kultura zaharren baieztapena martxoaren 26an heldu zitzaigun Instagram kontu baten bidez. @warrior_ertz erabiltzaileak Brigada Mugikorraren oldarraldia eta prozedura txalotu eta babestu zituen eta hori egiteko idatzitako hastag-ak aski esanguratsuak izan ziren: #euskalpresoakafrikara #stopciervos #pelotadegoma
Erabiltzaile horrek hainbat argitalpen egin ditu Tubacexi buruz. Hala eta guztiz ere, gutxi ulertu du enpresan gertatzen ari denari buruz, bertako lan gatazkak zerikusi gutxi baitu Euskal Preso Politikoekin, sakabanaketarekin edo Ezker Abertzalearekin (“ciervos” manifestazioetara joaten den jendeari erreferentzia egiten dien esamoldea da, bereziki kutsu independentistetako mobilizazioetara, Espainiako polizien artean dauka jatorria eta hainbat ertzainek ere hartuta).
Itsukeria horrek, ordea, erakusten du zein errotuta dagoen Ertzaintzan borroka armatuaren paradigma, zeinean poliziari aurre egiten dion oro terrorista edo antisistema den. Are gehiago, kontakizun hori baliatzen saiatu zen Ertzaintza eta zabaldu zuten istiluetan egondako pertsonak ez zirela Tubacexeko langileak, kanpoko jendea baizik. Ordea, otsailean atxilotutako 3 lagunak Tubacexeko beharginak ziren, eta horietako biren atxiloketan gutxienez eragin handia izan zuen zeramaten itxurak (batek ikur antifaxistak zeramatzan soinean eta besteak, arratsaldean antzemandakoa, “ciervo” itxura zuen eurentzat, ziurrenik).
Jakina, poliziaren pentsamolde korporatibista hori ez da Ertzaintzan soilik ematen. Estatu Batuetan eta hainbat lekutan poliziek izaera korporatiboa garatu dute, eta estatuaren barruan dagoen beste estatu txiki bat bilakatu dira maiz. Ertzaintzaren kasuan, status hori EAJko gobernuek sustatu dute. Gogoratu beharra dago Rodolfo Aresek gurutzada abiatu zuela Ertzaintzan absentismoaren kontra, besteak beste, aurretik ez zelako horrelakorik egin.
Ulertzekoa da hori, Eusko Jaurlaritzak gizartea kontrolpean izateko eta erakunde autonomoak egonkortzeko ezinbesteko tresnatzat jo baitzuen polizia.
Horri esker, ertzainek 2.729 euroko 14 soldata dituzte urtero, eta ez da ahaztu behar koronabirusaren txertoa jasotzeko lehenengoen artean egon direla. Horri gehitu behar zaio ertzaingaien oposizioak askoz errazagoak izan direla hiru hamarkadetan zehar (ikasketa berezirik ez zen eskatzen eta, suhiltzaileen edota erizainen azterketekin alderatuta, ez ziren proba hain zailak). Gainera, administrazioan behin-behinekotasuna eta prekarietatea izugarri zabalduta egon arren, Ertzaintzan ez da halakorik gertatu.
Edozein agente berri Brigada Mugikorraren kulturaz zipriztintzen da denbora luzez, urte erdiz, hain zuzen, Iurretako kuartelean
Ezaugarri horiek kontzientzia korporatiboa eman diote Ertzaintzari eta bere ordezkari sindikalei erreparatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Ertzainen %90 sindikaturen batean egonda, 5 erakunde dira nagusiak eta horietako bat besterik ez da “klase” sindikatua; ELA, hain zuzen.
Beste guztiak, Erne, Sipe, Esan eta Euspel, Ertzaintzan besterik ez dira existitzen eta ertzainen interesak defendatzeko soilik sortu dira. Horietako bat Brigada Mugikorrari lotuta dago, gainera: Euspel. Talde horrek bere izaera korporatiboa azpimarratzen du eta ez du bere burua sindikatutzat jotzen, baizik eta elkartetzat (definizio nahiko eskuindarra, bestalde). Ez da harritzekoa Euspelek aipatzea otsailaren 23an Tubacexeko grebalariek makilak eta botilak erabili zituztela, argi eta garbi gezurra izan arren.
Brigada Mugikorra, Ertzaintzaren bihotza
Brigada Mugikorraren adierazpenak eta portaerak ez dira garrantzirik gabekoak Ertzaintzan. Izan ere, unitate hori ez da edonolakoa, baizik eta kardinala. Alegia, “beltzak” dira Ertzaintzaren neurria eta bihotza. Berez, ertzain orok Arkauteko akademian 9 hilabeteko epea igaro eta gero, beste 18 eman behar ditu praktiketan eta horietako 6 hilabete Brigada Mugikorrari lotuta daude; bai brigadan bertan zein horren errefortzu brigadan edota Brigada Mugikorraren Babes Zerbitzuan. Laburbilduz, edozein agente berri Brigada Mugikorraren kulturaz zipriztintzen da denbora luzez, urte erdiz, hain zuzen Iurretako kuartelean.
Brigada Mugikorra zein garrantzitsua den erakusteko, aipatzekoa da Erreskate Unitatean egoteko (izan urpekari lanetan, mendian edo helikopteroan), 3 urtez zerbitzatu behar da “beltzekin”.
Jadanik ez da egiten kultura orokorreko azterketa teorikoa eta maila igo dute. Duda barik, egun ertzain diren askok ez lituzkete azterketa berriak gaindituko
Zerbait aldatzen ari da Ertzaintzan?
Poliziaren kultura hegemonikoa aldatu ez bada ere, itsua izan beharra dago ez sumatzeko Ertzaintzan sartzen ari den jende berriak ez duela antzinako profila betetzen. Prestaketa akademiko handiko jendeak ikusi du segurtasunean ondo ordaindutako lana izateko parada eta Eusko Jaurlaritzak azterketak ere zaildu ditu ETAren su-etenaren ondoren.
Jadanik ez da egiten kultura orokorreko azterketa teorikoa eta maila igo dute. Duda barik, egun ertzain diren askok ez lituzkete azterketa berriak gaindituko. Adibidez, berriki egin den oposizioak 40 gai zituen, asko Administrazio Zuzenbidekoak.
Hori gertatu arren, Arkauten eta polizian bertan joerak ez badira aldatzen, segurtasun indarren paradigman ez da aldaketarik egongo. Euskararen exijentzian hala izan da: 700 plazetatik 462an bakarrik izan da derrigorrezkoa HABE2a izatea. Unea da, agian, EAEn polizia demokratikoagoa aldarrikatzeko, iraganeko bizio eta joerak baztertuta, gizarteak nahi duenaren isla izan dadin.
Legea, zilegitasuna eta kalkulu politikoa
Askok nahiago dute pentsatzea, osasun mentalagatik, legearen pisua bera dela edozein herritarrentzat, baina errealitateak erakusten du nekez dela horrela. Kasu batzuetan, diruak eta botereak agintzen dute. Beste batzuetan, zilegitasuna edota kalkulu politikoa.
Pentsa dezagun Bingen Zubiriaren hitzetan Athleticzaleen kontrako oldarraldiei buruz mintzatzean. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi zuen Euskadi ez dela estatu poliziala, baina Tubacexeko piketeetan egunero bizitzen denak kontrakoa iradokitzen du.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi zuen Euskadi ez dela estatu poliziala, baina Tubacexeko piketeetan egunero bizitzen denak kontrakoa iradokitzen du
Dena den, Ertzaintzak azken asteetan Tubacexen hainbat langile zauritu dituela bistakoa izanik, testuingurua bestelakoa izango balitz ("herri harresia” batean, adibidez), agerikoa da zaurituak biderkatuko liratekeela, baita oldarraldiak eta atxilotuak ere. Eta horren azalpena argia da: Tubacexeko grebalarien aldarrikapenak zilegitasun izugarria dauka euskal gizartean. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak nahiago du gatazka ahalik eta gehien isolatu, eta horretarako ezinbestekoa da hedabideetan ez agertzea.
Hori ez gertatzeko, normaltasuna eta gatazka eza irudikatzea da gakoetako bat. Ikusten ez den greba, existitzen ez den protesta da. Langileek ere ulertu dute hori eta, birritan, euren protesta ahaztu ez dadin, egoera tenkatu dute komunikabideen arreta erakartzeko, grebalarien arteko batasuna apurtu gabe betiere (hau da, zentzugabeko indarkeriarik eragin gabe). Salbuespen ekintza horiekin alderatuta, askoz gehiago dira Tubacexeko beharginek babesa erakartzeko antolatutako ekimenak: prozesioa, entzierroa, manifestazioak, lanuzteak, umeen egunak... baina badakite horien guztien eragina urria eta mugatua dela askotan, iritzi publikora begira.
Aldagai horiei gehitu behar zaio Tubacex taldeko zuzendaritzaren burugogorkeria eta harropuzkeria. Lantegiak guztiz geldituak egon arren, zuzendariek etengabe erabaki dute euren autobusekin fabriketan sartzea, nahiz eta produkziorik ez egon. Beste hitz batzuetan, zuzendaritzak indar erakustaldi bilakatu du bere presentzia Laudion eta Amurrion, Deriotik ere lan egiteko aukera dutelako. Presentzia bermatzeko tresna bakarra izan dute: Eusko Jaurlaritzaren babesa eta poliziaren indarra.
Hiru borondate horien artean (Jaurlaritza, langileak eta zuzendaritza) Ertzaintza geratu da. Ez da erronka makala Jaurlaritzak poliziari eskatu diona: zuzendaritzarentzat lan egitea. Ertzainek bermatu dute zuzendaritza lantegietan sartzea, armak baliatuta askotan. Hori gustura edo modu desatseginean egiten duten ez dakigu, baina bistakoa da hori dela euren eginkizuna.
Martxoaren 8ko pikete feministaren arrakastak erakutsi zuen polizia tresna politikoa dela, eta modu politikoan aldatu daitekeela bere eginkizuna
Hala ere, hori ez da beti horrela izan. Iritzi publikoaren eragina handiegia da eta Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak erakutsi dute euren interesak ere defendatzeko gai direla muturreko egoeretan, zuzendaritzaren kalterako, gutxitan izan bada ere.
Martxoaren 8an oso agerikoa izan zen hori. Poliziak badaki Tubacexeko zuzendaritza aldatu daitekeela, edo langileak kaleratuak izan daitezkeela, baina eurek jarraitu beharko dutela herritarren aurrean. Gauzak hala, Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin ziurrenik, Martxoaren 8an, lehenengo aldiz, Tubacexeko zuzendaritzak buelta eman behar izan zuen Laudioko lantegira sartu gabe.
Zergatik gertatu zen hori? Hainbat emakumek (langileek zein mugimendu feministekoek) erabaki zutelako egun horretan eserialdia antolatzea fabrikaren aurrean. Ertzaintzak berehala ulertu zuen zein larria izan zitekeen irudia: dozenaka emakume arrastaka kendu behar izatea errepidetik, ehunka grebalariren aurrean eta zenbait hedabide lekuko izanik. Hori guzti hori Emakumeen Nazioarteko Egunean. Irudi potentea benetan. Eta irudiek borrak eta foam balek baino gogorrago jotzen dute.
Horretaz jakitun, Ertzaintzak denetarik egin zuen gatazka ekiditeko. Pikete feministaren bozeramaileen (biak Tubacexeko langileak) eta Brigada Mugikorraren buruaren arteko eztabaidak surrealismotik gertu ibili ziren maiz une horietan eta, zinez, gutxik susmatuko lukete inoiz "beltzen" buru bati entzungo ziotela honako hau pikete bati esaten: "Ni enpatiaz mintzatzen ari natzaizue, ezta?".
Azkenean, emakumezkoek irabazi zuten eta zuzendaritza etxera joan behar izan zen. Martxoaren 8ko sinbolismoarekin eta zilegitasunarekin ondo baino hobeto jokatu zuten. Horietako batzuek ez zuten luze itxaron behar izan Brigada Mugikorraren indarkeria probatzeko, martxoaren 25ean.
Gaur piketean Josuk olerki bat irakurri die @ertzaintzaEJGV-ri.
— Maddi Isasi Azkarraga (@maddisasi) April 12, 2021
Badirudi ez zaiela asko gustatu. Mehatxuka eta oldarkor erantzun dute zipaioek beste egun batez.
Sois un puto poema!
Olerki osoa irakurtzeko: https://t.co/ep9oSElMIN pic.twitter.com/EOwBUaYg2n
Dena den, martxoaren 8ko pikte feministaren arrakastak erakutsi zuen polizia tresna politikoa dela, eta modu politikoan aldatu daitekeela bere eginkizuna. Izan ere, Status Quoa babesteko sortutako erakunde horrek erabaki zuen Tubacexeko zuzendaritzaren nahiei uko egitea egun horretan.
Komunikazioaren borroka irabazten bada, gehiagotan gerta liteke hori.