Gaur goizean Aintzane Mendia Tubacexeko behargina epaitu dute Gasteizen. Amurrioarra 2021eko ekainaren 17an atxilotu zuen Ertzaintzak, ustez, agente bat kolpatzeagatik. Amurrioarrak, ordea, kontrakoa defendatu du epailearen aurrean. Are gehiago, akusazioak akordioa eskaini dio eta proposatu dio erresistentzia karguak onartzea, erasoaren akusazioa kentzearen truke, baina Mendiak ezetz erantzun du.
Langileak eraman ditu epaiketara berarekin harremanik ez duten bi lekuko, irakasle bat eta Tubacexeko beste langile bat, eta biek adierazi dute gertakari osoa ikusi zutela eta ez zela erasorik jazo. Bere bertsioa erakusteko, bideo bat aurkeztu du Mendiaren abokatuak, zeinean atxiloketa jasotzen den eta erasorik ez den sumatzen, beharginaren aldetik, gutxienez. Izan ere, beharginaren aburuz, ertzainak ados jarri ziren bera atxilotzeko, ezer gertatu baino lehen.
Hemen ikusi daiteke epaiketan aurkeztu duten bideoa:
Gaur Aintzane Mendia Tubacexeko langilearen epaiketa izan da. Beharginak bere errugabetasuna aldarrikatu du, besteak beste, bideo honekin. Bere ustez, argi ikusten da Ertzaintza ados jarri zela bera atxilotzeko (kamara moteleko zatian) eta ez zela erasorik egon bere partez. pic.twitter.com/SRv93cLx0Z
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) November 7, 2022
Hainbat ertzainek ere deklaratu dute, baina gehienek aipatu dute ez zutela ezer ikusi. Epaiketa izan den bitartean, hainbat lagun batu dira epaitegiaren aurrean, Mendiari elkartasuna adierazteko eta bere errugabetasuna aldarrikatzeko.