Ñabardura txikiekin, alderdi guztiek baiezko botoa eman zioten Landazuri Etxea eraldatzeko behin betiko proiektuari pasa den ostegunean egindako Amurrioko udal osoko bilkuran. Txerra Molinuevo alkateak azaldu zuenez, proiektuak balioko du eraikinean obra egikaritzeko eta eguneko arretarako landa zentroa eraldatzeko.
Horrela, Mendiko kaleko 19. zenbakian dagoen etxean solairu bateko eraikuntza egingo dute 25 lagunentzat. Etorkizunean beste esku hartze bat egin beharko lukete han, etxebizitza komunitarioa ireki ahal izateko.
Dena den, momentuz, Amurrioko Udalak eguneko arretarako zentroaren egitasmoari baino ez dio ekingo. Horretarako, 1.067.620,30 euroko aurrekontua osatu du udalak eta Foru Aldundiak 576.318,08 euroko dirulaguntza bideratuko du, Obra eta Zerbitzuen Foru planaren bitartez.
Esan bezala, alderdi guztiek adierazi zuten euren adostasuna ekimen honekin, baina EH Bilduk kritika egin zuen proiektua ez delako osotasunean beteko eta etxebizitza komunitarioaren lanak ez direlako abiatuko.
20 urtez egon da etxea ia erabilerarik gabe, Rita Landazurik udalari dohaintzan eman zionetik, eta 2015ean hasi ziren Amurrioko alderdiak egitasmo honi buruz eztabaidatzen. 2012an eta 2013an Amurrioko Gazte Asanbladak okupatu zuen eraikina Gaztetxe bihurtzeko, baina berehala hustu zuten.