"Elkarrizketarako gaitasun eza" izatea leporatu dio EH Bilduk Amurrioko Udal Gobernuari, 2023ko aurrekontuen harira

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abe. 26a, 10:36

EH Bilduko Amurrioko kideak, iragan ostiralean. / Aiaraldea.eus

Jon Berganzak prentsaurrekoa baliatu zuen bere burua publikoki EH Bilduren alkategai moduan aurkezteko. 

Prentsaurrekoa eskaini zuen Amurrioko EH Bilduk ostiralean. Bi gauzetarako baliatu zuten agerraldia. Alde batetik, Jon Berganzak lehen aldiz hartu zuen hitza talde politikoaren alkategai moduan, datorren urteko udal hauteskundeei begira. 

Bestetik, iragan astean onartutako udal aurrekontuak izan zituzten hizpide. EH Bilduk plangintza ekonomiko horren aurka bozkatu zuen udalbatzan. 

Berganzak berak hartu zuen hitza prentsaurrekoan gaiari buruzko irakurketa plazaratzeko. Zinegotziaren aburuz, aurrekontuen eztabaida "legealdiaren bilakaeraren isla argia" izan da: "lau urte hauetan, parte-hartzerik eza, gardentasun eskasa, bete ez diren promesak eta akordioak lortzeko aukera eskasa izan dira nagusi. Aurrekontuaren xehetasunak ezagutzeko bilera bat eskatu genuen, baina ezezkoarekin erantzun ziguten".

Horri lotuta, Berganzak salatu zuen EH Bilduren proposamenak "sistematikoki baztertuak" izan direla azken lau urteetan. Ildo horretan, opozisioko talde politikoko kideek gogorarazi dute iaz akordioa lortu zutela udal gobernuarekin, baina hitzartutakoa ez dela bete. “Oposizio eraikitzailea garatu dugun arren, Udal Gobernuak ez ditu gure proposamenak kontuan hartu, ezezkoz betetako legealdia izan da”. 

Horren aurrean, pandemiaren testuinguruan egin zituzten proposamenak aipatu dituzte talde subiranistako kideek. Euren hitzetan, "krisi sozioekonomikoaren ondorioak ordaintzen ari ziren sektoreei" laguntzea proposatu zuten, "hala nola merkataritzari edo lehen sektoreari". Enplegua bultzatzeko politikak ere sustatu dituzte. "Kiroldegia, Izartzako etxea, politika feministak, euskara bultzatzea eta uraren kudeaketa izan dira EH Bilduren lehentasunetako batzuk legealdi honetan".

Gauzak hala, Berganzaren aburuz, "argi" geratu da Amurriok "proiektu berriak, gehiengo berriak eta lidergo berriak" behar dituela. "EH Bildu prest dago erronka horri ilusioz, arduraz eta lan egiteko gogoz heltzeko, amurrioarrak hobeto bizi daitezen, merezi dugun Amurrio egia bihur dadin”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide