Esku-pilotako elitean arituko da asteburu honetan Iker Larrazabal amurrioarra berriro ere. Pasa den astean Tafallan eskuratu zuen garaipena Rezustak eta Etxebarriak osatzen duten bikoteren kontra eta igandean Elordi-Zabaleta bikotearekin neurtuko ditu indarrak. Bilboko Bizkaia Frontoian jokatuko dute partida,17:00etatik aurrera. Sarrerak hemen eros daitezke.
Larrazabalek argitu dio Aiaraldea Komunikabideari pozik dagoela: "Lehen mailan egotea berriro oso ondo dago, baina Elordi eta Zabaleta oso sasoi onean daude".
Albisurengan konfiantza osoa adierazi du Iker Larrazabalek, eta aitortu du oso lagungarria izan zela bere babesa Tafallako partidan
Horrela, amurriorrak adierazi du konfiantza osoa duela Jon Ander Albisu atzelariarengan: "Albisuk oso ondo egin zuen asteburuan, izugarri lagundu ninduen eta espero dut asteburu honetan ere partida ona egitea. Biok egiten badugu ondo, emaitza positiboa lor dezakegu".
Izan ere, Mikel Urrutikoetxea dauka buruan Larrazabalek: "Pena ematen dit bere lekua hartu behar izana min hartu duelako, baina pozik nago lehen partida irabazi dugulako, hortaz, gutxienez, emaitza ona izan da berarentzat."
Igaro den asteburuko esperientziari dagokionez, amurrioarrak aitortu du urduri hasi zela, baina ondo bukatu zuela norgehiagoka.
Promozio Txapelketan zentratuta
Edonola ere, bizipenek ez dute bere burua nahastu. "Ni Promozio Txapelketan zentratuta nago. Lehen mailan aritzea oso ondo dago eta esperientzia baliogarria da, baina Promozio Txapelketa da nirea", argitu du Iker Larrazabalek.
Hala eta guztiz ere, ez da ahaztu behar ez dela lehen aldia elite mailan amurrioarrarentzat. 2020ko urrian egin zuen debuta profesionalekin eta azaroan Aimar Olaizolaren aurka jokatu zuen Amurrion bertan.