Pasa den astean izan ziren hauteskunde sindikalak Megatech enpresan eta langile batzordeko ordezkari kopurua zegoen moduan geratu da. Alegia, UGTk bost kide izango ditu, LABek 3 eta ELAk bakarra.
Boza kopuruei dagokionez, hauek izan dira emaitzak:
- Lantegian:
UGT: 75 boto. 4 ordezkari.
LAB: 50 boto. 3 ordezkari.
ELA: 14 boto. Ordezkari 1. - Bulegoetan:
UGT: 16 boto. Ordezkari 1.
ELA: 2 boto.
Langile askoz gutxiago enpresan, 260tik 180ra
Megatecheko ordezkarien banaketan aldaketarik egon ez bada ere, nabarmentzekoa da nahiz eta langileen %94 bozkatu, duela lau urte baino asko gutxiagok baliatu dutela eskubide hori. Izan ere, duela lau urte 202 lankide zeuden Amurrion eta aurten ez dira 180 beharginetara heltzen. Iturri sindikalek gogoratu dute iaz enplegu erregulazio espedientea baliatu zuela enpresak irteerak sustatzeko hainbat pizgarrirekin.
Gainera, aipatu beharra dago joera hori ez dela berria, 2015eko hauteskundeetan 260 behargin ziren bozkatzera deituak zeudenak. Hau da, azken zortzi urteetan 80 lanpostu suntsitu dituzte Megatechen.
Hori ez da izan 2019tik jazo den albiste bakarra. Izan ere, iazko irailaren 20an greba egin zuten lantegian lan hitzarmen berriaren alde. Lau ordu baino ez zuen iraun, zuzendaritzak berehala egin baitzuen eskaintza lanuzteak eteteko, hiru egunekoak izango ziren eta. UGTk eta LABek sinatu zuten akordioa eta beharginek bozketan babestu zuten.