Atzo zendu zen Alberto Luengas Otaola. Mendiko Lagunak taldeak eman du heriotzaren berri. Izan ere, Luengas izan zen mendi talde horretako sortzaileetako bat eta baita lehen lehendakaria ere. 1962 eta 1965. urteen artean bete zuen kargu hori. "Garai zail haietan, bere ekarpena funtsezkoa izan zen bai kluba martxan jartzeko, bai Goizale aterpea eraikitzeko orduan 1968an", goraipatu dute Mendiko Lagunakeko kideek.
Mendizalea izateaz gain, idazle nekaezina ere bazen Luengas. Hainbat liburu plazaratu zituen bere bizitzako azken urteetan, osasunez makal egon arren. 2021ean, adibidez, bi argitalpen plazaratu zituen, Juan Antonio Alañari buruzkoa lehena eta Andres Espinosa Etxebarria alpinistaren ingurukoa bigarrena.
Gaur izango da hileta, 17:00etan Amurrioko elizan.
