AZKEN ORDUKOA

Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aurkako lau urteko espetxe zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak

Erredakzioa 2023ko mai. 25a, 23:00

Galder Barbado eta Aitor Zelaia, euren aldeko mobilizazio batean.

Ankerkeriari Stop! plataformak eman du albistea, eta mobilizazioak egingo dituztela iragarri du. Momentuz ez da zehaztu espetxeratzeko agindua noiz sartuko den indarrean.

Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren lau urteko espetxe zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Hala jakinarazi du Ankerkeriari Stop! plataformak sare sozialen bidez. Barbadoren abokatuak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari momentuz ez dela zehaztu espetxeratzeko agindua noiz sartuko den indarrean.

Plataformak salatu du ebazpena "bost urteko ibilbide judizialaren ostean" etorri dela. "Espainiar Justiziak Ertzaintzak sukaldatutako prozesu honi espero genezakeen amaiera eman dio", salatu dute. "Beste behin ere, euskal jendarteari ulergaitza egiten zaion guda eta errepresio politikari eutsi diote".

Mobilizazioak datorren astean

Horren aurrean, "Euskal Herriak aurrera egin" behar duela nabarmendu dute. Horregatik, "indarrak biltzera" deitu dute, "ankerkeria" horri aurre egiteko. Aurreratu dutenez, datorren astean iragarriko dituzte mobilizazioak.

Iragan apirilaren 26an iritsi ziren Galder Barbado amurrioarraren eta Aitor Zelaia gasteiztarraren epaien helegiteak Espainiako Auzitegi Gorenera, bi urteko itxaronaldiaren ostean, baina orain arte ez da publiko egin bertan erabakitakoa. Bi gazteen absoluzioa eskatu zuen defentsak. Fiskaltzak, aldiz, zortzi urteko jatorrizko kartzela zigor eskaera aplikatzea eskatu zion Auzitegi Gorenari. Erakunde horrek, aldiz, Audientzia Nazionalak jarritako lau urteko kartzela zigorra berrestea erabaki du.

Modu honetan eman dute bukatutzat 2019an abiatutako prozedura judiziala. Urte horretako otsailaren 7an Barbado eta Zelaiarenatxilotu zituzten, "material lehergarriak" zituen bidoi bat "helburu terroristekin" gordetzea egotzita. Ia sei hilabete igaro zituzten prebentziozko espetxealdian, eta hurrengo urteko urtarrilean epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean. Handik astebetera iritsi zen epaia. Epai horren helegitearen ebazpena, aldiz, orain arte luzatu da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide