Bilbao Athletic eta Deportivo Alaves B taldeen arteko derbian Aingeru Olabarrieta luiaondoarra ikusteko aukera egongo da

Aitor Aspuru Saez 2023ko abu. 9a, 15:30

Aingeru Olabarrieta futbol jokalaria./ Athletic Club

Amurrio Cluba da antolatzailea eta 19:00etara atzeratu du norgehiagoka. Lehoien artean luiaondoarra dago; Aingeru Olabarrieta.

Bilbao Athletic eta Deportivo Alaves B taldeek partida izango dute gaur arratsaldean Basarte futbol zelaian. Hasieran Amurrio Clubak zabaldu zuen norgehiagoka 18:30ean abiatuko zela, baina gaur iragarritako eguraldi beroa eta alerta laranja aintzat hartuta, atzeratu dute 19:00ak arte.

Sarrerak 3 euro balioko du eta umeek zein 65 urtetik gorako ikusleek doan sartzeko aukera izango dute.

Bi amurrioar ohi lehoiekin

Euskal derbiak eskualdean ezagunak diren bi jokalari jarriko ditu futbol zelaian. Horietako bat luiaondoarra da, Aingeru Olabarrieta Capelo. Aiararra aurrelaria da eta hegalean jokatzen du.

Iaz 31 partidatan parte hartu zuen Athletic Clubeko Ohorezko Mailako gazte taldearekin eta hiru gol egin zituen. Horrez gain, Espainiako 18 urte azpiko selekzioarekin lau aldiz jokatu du.

Amurrioko Etorkizuna taldetik fitxatu zuen Bilboko taldeak eta Lezaman zortzi denboraldi egin ditu Aingeruk. Aurten filialean arituko da eta gazte mailatik talde horretara igaroko den kide bakarra izango da, Baskonian militatu gabe.

Luiaondoarra ez ezik, Aymane Jelbat ere arituko da Basarten. Udan Bilbao Athleticek Barakaldotik fitxatu zuen Marokon jaiotako jokalaria eta bere trebakuntza garaian Amurrio Clubeko kide oso garrantzitsua izan zen. Lagunarteko partida bat jokatu du Jelbatek lehen taldearekin.

Euskal taldeen harrobi aiararra

Berez, Aingeru Olabarrieta ez da Athleticen aritzen aiarar bakarra. Izan ere, Ibaiganeko klubak Oihan Mimenza ere fitxatu du Etorkizuna taldetik. Oraindik oso gaztea bada ere, sei gol egin ditu jadanik Athletic 2010 taldearekin.

Talde babazorroko kidea da Iker Fernández ere eta horri gehitu behar zaio Sarai Gandarias luiaondoarrak ere Deportivo Alaveseko atea zaintzen duela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide