Su eman ala hartu diskoa plazaratuko du aurki Gorka Suaia abeslari eta musikariak, eta argitaratu berri du lan horretako lehen aurrerapen kanta, Katua eta Sagua izenekoa. Aiaraldeko kutsua dario abestiari, Rlantz musika ekoizle amurrioarra arduratu baita ekoizpen lanez.
Suaia Bilbon bizi da berez, baina badu harremana Aiaraldearekin. Berarekin Raggamuffin Kamarada diskoa plazaratu zuen Ama Rebel bandako bi kide dira eskualdekoak, Joseba Urruela eta Ander Tejerina. Suaiak berak aurreratu du disko berriarekin batera "banda formatu berria" ere aurkeztuko dutela.
Horrez gain, Aiaraldeko Soinu Sistemako kideekin ere gertuko harremana du abeslariak. Hain zuzen, musika kolektibo horretako kidea da Rlantz. Musika ekoizle amurrioarrak Ziztada abeslariarekin batera garatu du ibilbide oparoena, 3 disko plazaratuta orotara. Baina egin ditu bestelako lan eta kolaborazioak ere. Udan plazaratu du azkenetako bat, Autobus Magikoa taldearen Erdeuskera abestiaren erremixa: