Ekainean hasitako legegintzaldiaren lehen 100 egunen balorazioa plazaratu du Amurrioko EH Bilduk, eta bere “kezka” adierazi du bizitakoaren inguruan. Oposizioko taldearen arabera, “Amurrion inoiz ikusi gabeko modu batean” hasi zen legealdia: “EH Bildu Tokiko Gobernu Batzarretik kanporatuz”, organo horretan beti parte hartzen aritu arren. “EAJk eta PSEk ez zuten inolako eragozpenik izan neurri hori hartzerako orduan, 1.847 lagunen botoa kanpoan utziz”, salatu du koalizioak, “hala ere, badirudi distiratzen duen guztia ez dela urrea; izan ere, gobernu garden baten lehen zeregina, hau da, legegintzaldiko plan bat diseinatzea, oraindik ez da egin”.
“Euskara teknikariaren plazaren ezabatzea” ere izan du hizpide EH Bilduk bere balorazioan, eta beste hainbat gai ere jarri ditu mahai gainean, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari ezarritako %5ko igoera kasu. “Ez da ezezko populista bat, ezezko errealista bat da, kontua ez baita biltzeagatik biltzea, baizik eta zergak neurri
justuagoan eguneratzea udal kaudimenduna izateko, eta hori % 2,5eko igoerarekin lor genezakeen”, defendatu du talde politikoak. Horrez gain, “anbizioa” ere bota dute faltan EH Bilduko kideek, “etxebizitza hutsen arazoari” heltzeko, “hau baita alokairuaren prezioari eragiten diona”.
Aurreko guztia kontuan hartuta, talde politikoko kideek nabarmendu dute “lehen egunetik” ari direla lanean, “Amurriok dituen lehentasunen” inguruan, “orain arte egin dugun bezala, herritarrekin eta udalerria aberasten duten elkarte eta gizarte-erakundeekin batera”. Ildo horretan jarraituko dutela jakinarazi dute, oposizio “baliagarria eta eraikitzailea” eginez.